Autobusetako teknologia
1.1. Teknologia garbiak autobusetan
Autobusa garraiobide gisa sustatzeko, zerbitzu eraginkorra eta aldi berean ingurumenean eragin gutxien duena eskaini behar da, ibilgailu pribatuarekin alderatuta.
Helburu hori buruan hartuta, azken hamarkadan, Dbusek flotara erregai kontsumoan eta kutsaduraren murrizketan teknologia aurreratuenak dituzten autobusak gehitu ditu.
Gaur egun Dbusek batez ere hiru motatako autobusak ditu:
Diesel autobus ekologikoa
Konpainiaren diesel autobusek mantentze-lan zorrotzak izaten dituzte, gehiegizko isuriak saihestuta eta erregaiaren erabilera optimizatua bermatuta. Era berean, ibilgailuen % 83 baino gehiago Euro 3 isurien teknologiaren gainetik dago, eta hirian aire garbiagoa bermatzen du horrek.
Dbuseko diesel flotaren azken txertaketa 2014ko abenduan izan zen Euro 6 teknologia duten 4 mikrobusekin; hori da isurien mailari dagokionez teknologia aurreratuena.
Autobus hibridoak
Dbusek MAN Lion’s City Hybrid autobus hibridoa du. Autobus eraginkorra da, diesel autobusek baino % 30 erregai gutxiago kontsumitzen duena.
Gainera, Dbusek beste bost autobus hibrido sartu ditu, SOLARIS etxeko Urbino Hybrid 12 modelokoak eta Euro 6 teknologia dute; hala, gero eta garbiagoa eta eraginkorragoa den flota sortuko du.
Autobus elektrikoa
2014ko uztailetik, Irizarrek egindako % 100 elektrikoa den autobus bat dabil Dbuseko lineetan. Autobus isila eta ingurumenera isuririk egiten ez duena da, Konpainiak iraunkortasunarekin eta donostiarren bizi kalitatearekin duen konpromisoa agerian jartzen duena.
1.2. Energia berreskuratzeko eta erregaia aurrezteko sistemak
Autobus bakoitzaren eraginkortasuna teknologia osagarriei esker hobetu eta indartu daiteke. Horiei esker, ibilgailuaren jokabidea optimiza daiteke, eta beraz, ingurumenean duen eragina murriztu.
Dbusek flotaren eraginkortasun energetikoa eta zerbitzuaren puntualtasuna hobetzeko sistema berritzailea instalatu du autobusetan. Donostian ezarritako sistema berria, EKObus izenekoa, aitzindaria da munduan, lehen aldiz instalatu baita.
EKObusek Tablet bat du euskarri gidariaren alboan, eta agindu bisual batzuen bidez, gidatze iraunkorragoa eta ezarritako ordutegien araberako zirkulazioa lortzeko gida gisa balio du. Gaur egun, Dbuseko linea nagusietako autobusetan txertatuta dago, baita hiriko hainbat lineatan ibiltzen den autobus hibridoan ere. Elkarren artean osagarri diren bi sistemaz osatuta dago, gidatzea eta puntualtasuna optimizatu ahal izateko.
1. Gidatze eraginkorragoa izateko laguntza sistema
Erregaien kontsumoa eta atmosferara gas kutsagarrien isuriak murriztea ahalbidetzen duen sistema da. Ikono gisa bistaratzen diren mezuei esker, sistemak gidariari jakinarazten dio une bakoitzean gidatzeko modurik onena zein den, hobeto gidatzeko, erregaia aurrezteko eta matxurak murrizteko
2. Geltokietan ordutegiak hobeto betetzeko Anti-bunching sistema
Puntualtasuna hobetzeko sistemari esker, linea bereko autobusen artean behar den distantzia manten daiteke, eta hala, linea horretarako ezarritako maiztasuna ahalik eta gehien errespetatu. Hala, semaforo baten antzera funtzionatzen duen sistemaren bidez, gidariari adierazten dio abiada bizkortu edo moteldu behar duen, maiztasuna mantentzeko beharrezkoa duen gelditzeko denbora eta geltokitik irteteko unea.
1.3. Gaitasun Handiko BRT sistema
Dbuseko linea erabilienetan, 5 eta 28 lineetan, BRT sistema dago, kalitate handiko autobusen sistema, zirkulazio azkar, eroso eta eraginkorrean oinarrituta; horretarako, zirkulazio errei propioak dituzte, eta horrek pasatzeko lehentasuna ematen die eta erabiltzaileentzat zerbitzu bikaina eskaintzen dute.
Honako hauek dira beste garraio sistema batzuekiko dituzten ezaugarri eta abantaila nagusiak:
- Autobus “garbiak”, oso kutsatzaileak ez diren eta gaitasun handikoak diren ibilgailuak
- Erreserbatutako plataformetan ibiltzea (autobus erreiak)
- Puntualtasun eta fidagarritasun indize altuak
- Denbora errealeko informazio sistemak geltokietan eta ibilgailuetan
- Ordainketa sistema arinak
- Zentralizatutako kontrol sistema (SAE) eta ITSen erabilera (Garraio Adimenduneko Sistemak)
- Azpiegitura obra handiak behar dituzten trenbide garraiobideekiko mantentze kostu eta inbertsio kostu baxuak.
Gainera, BRT sistemetan autobusen ohiko sistemetako alderdi batzuk nabarmen hobetzen dira, eta ibilgailuen gaitasuna areagotzen da, semaforo bidezko lehentasunaren bidez merkataritzaren abiadura hobetuta, erreserbatutako plataforma babestuta, geldialdien irisgarritasuna hobetuta, kutsatzaileen isuria murriztuta eta ibilgailu eta zerbitzuen irudia hobetuta.