250 metroko tarte honekin Donostia eta Lasarte-Oria arteko bidegorriaren lotura amaitzen da. Honakoa, aurten amaitu diren foru-sareko lau bidegorri-tarteetako bat da
Bidegorrien Foru Sarean, guztira, 294,1 kilometro amaituta daude, eta Bizikleta Bideen Lurraldearen Arloko Planean aurreikusitakoen % 50 inguru eginda daude. Marisol Garmendia diputatu sozialistaren hitzetan, Donostia eta Lasarte-Oria arteko bizikleta-bidea amaitu izana albiste ona da: “Departamentu honetatik mugikortasun iraunkorra sustatzen jarraitu nahi dugu, eta gipuzkoar eta bisitari guztiei gure lurraldean barrena bizikletan ibiltzeko erraztasunak eman nahi dizkiegu. Hori dela eta, aurten lau tarte berri inauguratu ditugu eta 2017an lanekin aurrera jarraituko dugu”.
Bidegorri-tarte berri hau Urbil saltoki-gunearen inguruko bizikleten eta oinezkoen sarbideen barruan kokatzen da. Donostiako Errekalde auzoko bizikleten eta oinezkoen pasealekua eta Lasarte-Oria udalerriaren muga lotzen dituen bideari 250 metro gehitu zaizkio, bi gune horietara bizikletaz iritsi ahal izateko. Horren haritik Garmendiak gogoratu du, datorren urteko aurrekontuei begira, 75.000 euro esleitu dituztela Gipuzkoako Udalek herri barrutik igarotzen diren bidegorri-tarteen lanetan aurrera egin dezaten.

