Gipuzkoako Garraioaren Lurralde Agintaritzak eta Gaintzako Udalak hitzarmena adostu dute MUGI txartelen kudeaketa udal instalazioetan eskaintzeko
- Gipuzkoako Garraioaren Lurralde Agintaritzako presidente Azahara Domínguezek jakinarazi duenez, azaroaren 9an, astelehenetik aurrera, nahi duten herritarrek MUGI txartelak eskuratu eta kargatu ahal izango dituzte Gaintzako Udaletxean bertan.
- Gehikuntza berri horri esker, MUGI txartelak eskatu eta kargatzeko puntuen sarea zabaldu egingo da. Izan ere, aurten Ataun, Albiztur, Beizama, Urretxu, Hernialde, Aizarnazabal eta Berastegiko udalak gehitu zaizkio sare horri. Horiez gain, beste hamabost udalerritako udaletxeetan ere egin daitezke izapide horiek.
- Azahara Domínguez, Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako diputatua eta GGLAko presidentea: “Udalerrietan aurrez aurreko arreta-puntu berriak martxan jartzeak alferrikako joan-etorriak saihestea eta herritarrei MUGI txartelaren kudeaketa erraztea ahalbidetzen die, zerbitzu hurbilago eta eskuragarriago baten bidez. Horrela, garraio publikoaren erabilera sustatzen laguntzen dugu”.
- Uxue Irastorza, Gaintzako Batzorde Kudeatzaileko Lehendakaria: “Zerbitzu berri hau ematea garraio publikoa erabiltzen duten Gaintzako herritarrentzat aurrerapauso bat izango delakoan gaude, bereziki aurrez aurreko arreta eta zerbitzua hobesten dutenentzat”.
Gaintza, 2026ko azaroaren 5a.-Gaintzako Udalak aurrez aurreko arreta-zerbitzu berria eskainiko du datorren astelehenetik, azaroaren 9tik aurrera, herritarrek MUGI txartelak eskatu eta kargatu ahal izan ditzaten udal instalazioetan bertan. Ekimen honi esker, izapide horiek beste herri batzuetara joan beharrik gabe egin ahal izango dira. Gipuzkoako Garraioaren Lurralde Agintaritzak (GGLA) lurraldean aurrez aurreko arreta-sarea zabaltzeko eta, horrela, garraio publikoaren erabilera errazteko abian duen estrategiaren barruan kokatzen da ekimena.
GGLAko presidente Azahara Dominguezek nabarmendu duenez, “garrantzitsua da MUGI txartelarekin lotutako zerbitzuak udalerri guztietara hurbiltzea, bereziki biztanle gutxien dituzten herrietara”. Adierazi duenez, “arreta-puntu horien zabalkuntzaren helburua garraio publikorako sarbidea erraztea eta erabiltzaileei izapideak sinplifikatzea da”.
Zerbitzua GGLAren eta Gaintzako Udalaren arteko lankidetzari esker jarri da martxan. Funtzionamendu egokia bermatzeko, udal-langileek berariazko prestakuntza jaso dute, txartel-eskaera berriak zein kargatze-eragiketak egin ahal izateko.
Azahara Dominguezek eskerrak eman dizkio udalari izandako lankidetzagatik, eta Gipuzkoan arreta-eredu hori zabaltzen jarraitzearen garrantzia azpimarratu du. Ildo horretan, adierazi duenez, “udalerrietan bertan kudeaketa-puntuak izateak alferrikako joan-etorriak saihesten ditu, eta herritarrei MUGI txartelarekin lotutako izapideak egiteko aukera hurbilago eta eskuragarriagoa eskaintzen die”.
MUGIren aurrez aurreko arreta-sarea hazten ari da Gipuzkoan
Gaintza sarean sartzea GGLA bultzatzen ari den aurrez aurreko arreta-sarea zabaltzeko prozesuaren barruan kokatzen da. Duela hilabete batzuk, erakundea Gipuzkoako udal guztiekin harremanetan jarri zen ekimen honekin bat egiteko aukera eskaintzeko. Sarea pixkanaka zabaltzen ari da, tokiko erakundeek parte hartzea baieztatu ahala.
Azken urte honetan, Ataun, Albiztur, Beizama, Urretxu, Hernialde, Aizarnazabal eta Berastegi bezalako udalerriek dagoeneko eskaintzen dute MUGI txartelak eskatu eta kargatzeko aukera udal instalazioetan. Horiez gain, beste hamabost bat udalek ere badute zerbitzu hori.
Horrela, GGLAk aurrez aurreko arreta indartzeko eta bere zerbitzuen irisgarritasuna hobetzeko konpromisoa berretsi du. “Helburua da bai txartel berriak eskuratzea bai ohiko kudeaketak egitea erraztea, hala nola saldoa kargatzea, herritarrengandik hurbil dagoen zerbitzu erraz eta arin baten bidez, garraio publikoaren erabilera sustatzen laguntzeko”, amaitu du Azahara Dominguezek.
Bestalde, Uxue Irastorza, Gaintzako Batzorde Kudeatzaileko Lehendakariak, honako hau esan du: “Zerbitzu berri hau ematea garraio publikoa erabiltzen duten Gaintzako herritarrentzat aurrerapauso bat izango delakoan gaude, bereziki aurrez aurreko arreta eta zerbitzua hobesten dutenentzat”.

