HOW TO SHOP

1Login or create new account.
2Review your order.
3Payment & FREE shipment

If you still have problems, please let us know, by sending an email to support [ @ ] website.com . Thank you!

Gipuzkoako Garraioaren Lurralde Agintaritzak eta Urretxuk adostu dute MUGI txartelak Udaletxean bertan izapidetzen hastea

  • Gipuzkoako Garraioaren Lurralde Agintaritzako presidente Azahara Domínguezek azaldu duenez, hala nahi duten herritarrek MUGI txartelak eskuratu eta kargatu ahal izango dituzte udaletxean bertan, urriaren 5etik aurrera, astelehena.
  • Horrela, Urretxu Ataun, Albiztur eta Beizamako udalei batu zaie, baita lurraldeko hogei bat bulego eta turismo-baliabideri ere; izan ere, joan den udaberritik MUGI txartela eskatu eta kargatu daiteke horietan.
  • Azahara Domínguez, Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako diputatua eta Gipuzkoako Garraio Lurralde Agintaritzako presidenta: “MUGIren erabileraren hazkundeak —2025ean ia 82 milioi bidaia txartel honekin ordaindu ziren— erakusten du gero eta pertsona gehiagok egiten duela garraio publikoaren sistema honen alde. Erabilera errazten eta zabaltzen jarraitu nahi dugu; horregatik, txartelarekin lotutako izapide guztiak —txartel berrien eskaeretatik hasi eta kargatze eta bestelako kudeaketetaraino— arinagoak, irisgarriagoak eta erosoagoak izan daitezen lanean jarraitzen dugu. Mota honetako izapideak udalerrietara hurbiltzeak herritarrei beharrezkoak ez diren joan-etorriak saihesteko aukera ematen die, eta garraio publikoa pertsona guztientzat hurbilagoa eta irisgarriagoa egiteko helburuan beste urrats bat ematea ahalbidetzen du”.
  • Jon Luqui, Urretxuko Alkatea eta Urola Garaiko Mankomunitateko presidentea: “Udaletxean bertan MUGIrekin lotutako izapideak egin ahal izatea hobekuntza praktikoa da gure herritarrentzat, eta, gainera, Urola Garaian mugikortasuna eskualde ikuspegitik hobetzeko dagoeneko egiten ari garen lanarekin bat dator. Intermodalitatean aurrera egin nahi dugu, baita gure udalerrien eta garraio publikoaren sistema desberdinen arteko lotura hobetzen ere”.

Donostia, 2026ko urriaren 1a.-Urretxuko MUGI txartelaren erabiltzaileek Gipuzkoako garraio publikoaren sistemarekin lotutako hainbat izapide egin ahal izango dituzte beren udalerritik atera beharrik gabe. Urretxuko Udala MUGIren arreta-guneen sarean sartuko da, eta txartel berriak eskatu eta txartelak kargatu ahal izango dira, beste herri batzuetara joan beharrik gabe.

Hala azaldu du Gipuzkoako Garraioaren Lurralde Agintaritzako (GGLA) presidente Azahara Domínguezek. Adierazi duenez, zerbitzu berria urriaren 5ean, astelehena, hasiko da. Arreta egokia bermatzeko, Udaleko langileek berariazko prestakuntza jaso dute ATTGren eskutik.

Azahara Domínguezek nabarmendu du garrantzitsua dela garraio publikoarekin lotutako zerbitzuak Gipuzkoako udalerrietara hurbiltzen jarraitzea, bereziki tamaina txikiagoko herrietara. Ildo horretan, Urretxuko Udalari eskerrak eman dizkio garraio publikoaren sustapenarekin duen prestutasun eta konpromisoagatik.

“2025ean MUGI txartelarekin ia 82 milioi bidaia ordaindu izanak erakusten du gero eta pertsona gehiagok egiten dutela garraio publikoaren aldeko apustua. Erabilera hori errazten eta zabaltzen jarraitu nahi dugu; horregatik, lanean ari gara txartelarekin lotutako izapide guztiak —txartel berriak eskatzetik hasi eta birkargak eta bestelako kudeaketak egin arte— arinagoak, eskuragarriagoak eta erosoagoak izan daitezen. Izapide mota hauek udalerrietara hurbiltzeak herritarrei beharrezkoak ez diren joan-etorriak saihesteko aukera ematen die, eta garraio publikoa pertsona guztientzat hurbilago eta eskuragarriago egiteko helburuan beste urrats bat ematea ahalbidetzen du”, adierazi du Domínguezek, eta garraio publikoa erabiltzea sustatzeko MUGI sistemak duen garrantzia azpimarratu du: “MUGI txartel pertsonalizatua izateak hainbat abantaila eskuratzeko aukera ematen du, hala nola erabileragatik deskontu handiagoak izatea, sarea osatzen duten operadore guztien arteko doako txartel-aldaketak eta kolektibo berezietako kide izateagatik hobariak jasotzea, besteak beste. Halaber, mendeko pertsonak laguntzen dituzten pertsonek eta 15 urtetik beherako haurrek doan bidaiatzeko aukera dute”.

Arreta-sarea zabaltzea ATTGren estrategiaren barruan kokatzen da, lurralde osoan MUGIren zerbitzuetarako sarbidea errazteko helburuarekin. Duela hilabete batzuk, erakundeak Gipuzkoako udalekin harremanetan jarri zen sarearekin bat egin zezaten, eta udalak eskaintza horri erantzuten ari dira pixkanaka.

Horren ondorioz, udaberritik hona MUGI txartelak eskatu eta kargatu daitezke Ataungo, Albizturko eta Beizamako udaletxeetan, baita Gipuzkoa osoan banatutako turismo-bulego eta baliabideen hogei bat gunetan ere. Urretxuko Udalaren atxikimenduak beste aurrerapauso bat ekarriko du hedapen horretan. GGLAren presidenteak espero du datozen hilabeteetan sarea zabaltzen jarraitzea, pixkanaka arreta-gune berriak gehituz.

Bestalde, Jon Luqui, Urretxuko alkatea eta Urola Garaiko Mankomunitateko presidenteak positibotzat jo du Udala MUGIren arreta-sarean sartzea, bai herritarrentzat dakarren erosotasunagatik, bai Urola Garaiko mugikortasunari buruz egiten ari den hausnarketa zabalagoarekin bat datorrelako.

“MUGIrekin lotutako izapideak Udaletxean bertan egin ahal izatea, batez ere, hobekuntza praktikoa da gure herritarrentzat. Zerbitzuak herritarrengana hurbiltzea eta horrelako izapideak egiteko beharrezkoak ez diren joan-etorriak saihestea administrazio publikoetatik eskaintzen dugun arreta hobetzeko modu oso zehatza da”.

Urola Garaiko Mankomunitateko presidente gisa, Luquik adierazi du ekimen hau bat datorrela eskualdean mugikortasuna udalaz gaindiko ikuspegitik lantzeko dagoeneko egiten ari den lanarekin. Urola Garaiak badu bere mugikortasun-sistemaren diagnostiko bat, eta Legazpi, Zumarraga, Urretxu eta Ezkio-Itsaso arteko loturak hobetzeko aukerak aztertzen ari dira, baita beste garraio-sistema batzuekin duten koordinazioa ere.

“Beste urrats batzuk ematen ari gara gure lau udalerrien arteko loturak nola hobetu aztertzeko eta, bereziki, Zumarragako geltokiarekiko eta gainerako garraio publikoaren sistemekiko intermodalitatea indartzeko. Kontua ez da soilik zerbitzu berrietan pentsatzea, baizik eta garraiobide desberdinak elkarren artean hobeto osatzea lortzea”.

Ildo horretan, Urola Garaiko Mankomunitatearen Estatutu berriek beren jarduera-eremuen artean berariaz jasotzen dute garraio publikoaren intermodalitatea eskualde-mailan sustatzea.

“Esparru desberdineko jarduerak dira, baina guztiek ideia bera dute oinarrian: garraio publikoaren erabilera erraztea eta zerbitzu eta garraiobide desberdinak gero eta hobeto konektatuta egotea, herritarren eguneroko beharrei hobeto erantzun diezaieten”, amaitu du Luquik.

TOP