HOW TO SHOP

1Login or create new account.
2Review your order.
3Payment & FREE shipment

If you still have problems, please let us know, by sending an email to support [ @ ] website.com . Thank you!

Gipuzkoako Garraioaren Lurralde Agintaritzak eta Bidasoa bizirik-ek hitzarmena sinatu dute MUGI txartelak Irun eta Hondarribiko turismo-bulegoetan saldu eta kargatu ahal izateko

  • Gipuzkoako Garraioaren Lurralde Agintaritzako (GGLA) presidente eta Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako diputatu Azahara Domínguezek azaldu duenez, ekimen honen helburua da, MUGIrekin izapide horiek egiteko herritarren eskura dauden hiru gune berri gehitzeaz gain, turistak udalerri gehiagotara iristea erraztea, eta, horrela, lurraldeko toki gehiagotan aukera ekonomikoak sortzea.
  • Azahara Domínguez, Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako diputatua eta Gipuzkoako Garraioaren Lurralde Agintaritzako (GGLA) presidentea: “Hitzarmen honi esker, Bidasoako turismo-bulegoak aliatu bihurtzen dira herritarrek MUGI txartela bertan kargatu edo txartel anonimoa eskatu ahal izan dezaten. Gainera, urte honetan Donostiaren ondoren jarduera turistiko handiena izan duen eskualdea Bidasoa izan da. Horregatik, bereziki garrantzitsua da Gipuzkoara iristen diren pertsonek udalerri gehiagotan aberastasuna sortzeko urratsak ematen jarraitzea, horrek enplegua sortzen duelako. Horretarako, garraio publikoa erabiltzea nahi dugu; izan ere, horrela, jasangarriagoak izateaz gain, ibilgailu pribatuan mugitzeak gure herrietan sortzen dituen eragozpenak eta presioak ere murrizten dira”.

Irun, 2026ko uztailaren 7a.-Bidasoako eskualdeko herritarrei zerbitzu hobea eskaintzeko, turismo-fluxuak lurraldean zehar banatzen laguntzeko eta bisitariek gure lurraldeko udalerri gehiagotan aukera ekonomikoak sor ditzaten, Gipuzkoako Garraioaren Lurralde Agintaritzak (GGLA) eta Bidasoa Bizirikek akordioa lortu dute. Horri esker, eskualdeko turismo-bulegoek MUGI txartel anonimoa saldu eta MUGI txartel mota guztietan kargak egin ahal izango dituzte.

Hala iragarri du astearte honetan GGLAko presidente eta Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako diputatu Azahara Domínguezek, Irungo turismo-bulegoan egindako prentsaurrekoan. Bertan izan dira, halaber, Bidasoa Bizirikeko presidente Nuria Alzaga eta presidenteorde Estitxu Urtizberea. Domínguezek azaldu duenez, uztailaren 10etik, ostiraletik aurrera, Bidasoako eskualdeko turismo-bulegoetan MUGI txartel anonimoa erosi eta MUGI txartel mota guztiak kargatu ahal izango dira. Horrela, bulego horiek joan den martxotik zerbitzu hori eskaintzen duten turismo-bulegoen sarera batuko dira.

“Horrela, Bidasoako turismo-bulegoak aliatu bihurtzen dira herritarrek MUGI txartela modu eroso eta errazean kargatu edo txartel anonimoa eskuratu ahal izan dezaten”, adierazi du Azahara Domínguezek. Gainera, gaineratu duenez, “ekimen hau turismo-eredu jasangarriago eta orekatuago baterantz aurrera egiteko garatzen ari garen estrategiaren barruan kokatzen da. Bereziki garrantzitsua da Gipuzkoara iristen diren pertsonek udalerri gehiagotan aberastasuna sortzea, horrek enplegua sustatzen duelako. Horretarako, garraio publikoa erabiltzea nahi dugu; izan ere, horrela, jasangarriagoak izateaz gain, ibilgailu pribatuen erabilerak gure herrietan sortzen dituen eragozpenak eta presioak murrizten dira”.

Bidasoa, Gipuzkoako bigarren helmuga turistikoa

Diputatuak gogorarazi du Bidasoa eskualdea, turismoaren sustapen eta garapenaren arloan egiten ari den lan handiari esker, Gipuzkoako bigarren helmuga turistiko gisa sendotu dela. Aurten, dagoeneko 70.000 bisitari baino gehiago jaso ditu, eta 2025ean 180.000 bisitari izatetik gertu dago.

Ildo horretan, Domínguezek azpimarratu du akordio honek turismo-fluxuak lurraldean hobeto banatzeko abian jarritako neurriei jarraipena ematen diela. “Iaz lehen urratsa eman genuen Hondarribiko aireportuko oroigarri-dendan MUGI txartel anonimoa erosteko aukera eskainiz”.

Azkenik, diputatuak nabarmendu duenez, “gure helburua da bisitariek ohiko helmugak ez ezik, lurraldeko beste toki batzuk ere ezagutzea; izan ere, lurraldean zehar mugitzen badira, udalerri gehiagotan aberastasuna sortzen dute. Neurri honen bidez, mugikortasun hori errazteaz gain, ibilgailu pribatuak erabiltzeak sortuko lituzkeen eragozpenak murrizten ditugu, eta, aldi berean, herritarrek MUGI txartelarekin egin ditzaketen izapideetarako erabilgarri dauden guneak zabaltzen ditugu”, amaitu du Azahara Domínguezek.

Bestalde, Bidasoa bizirik-eko presidente Nuria Alzagak ATTGko presidenteari eskerrak eman dizkio “gure lurraldera kalitatezko zerbitzu publikoak hurbiltzen jarraitzeko erakutsi duen lankidetzagatik eta konpromisoagatik”. “Hitzarmen hau erakundeen arteko lankidetzak herritarren eta bisitan datozkigunen beharrei erantzun erabilgarri eta zehatzak ematea ahalbidetzen duenaren adibide ona da. Turismo-bulegoak dira, pertsona askorentzat, Bidasoara eta Gipuzkoara sartzeko lehen atea. MUGI txartela saltzeko eta kargatzeko aukera txertatzeak harrera-zerbitzu hori are gehiago hobetzea dakar, pertsonek lehen unetik bertatik modu erraz, eroso eta jasangarrian mugitzeko aukera izan dezaten. Bisitan datorkigunari egin diezaiokegun ongietorririk onena gure lurraldea ezagutzea erraztea da. Akordio honek beste urrats bat dakar gero eta arreta osoagoa eskaintzeko eta gu aukeratzen gaituztenen esperientzia hobetzeko”, adierazi du.

Azkenik, Estitxu Urtizberea Bidasoa bizirik-eko presidenteordea honako hau esan du: “Hitzarmen honek bisitariei ez ezik, eskualdeko herritarrei ere mesede egingo die. Hemendik aurrera, MUGI txartelak kargatzeko puntu gehiago izango dituzte eskura, eta horrek eguneroko joan-etorriak errazago egitea ahalbidetuko du. Turismo-bulegoek zerbitzu berri bat eskaintzeaz gain, herritarrentzako baliabide erabilgarriago bihurtzen dira, eta, aldi berean, garraio publikoaren erabilera sustatzen laguntzen dute”.

TOP