GGLA-k MUGI txartelak eskuratzeko sarea Gipuzkoako 18 turismo bulego eta baliabide turistikotara zabaldu du
- Gipuzkoako Garraioaren Lurralde Agintaritzako presidente eta Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako diputatu Azahara Domínguezek azaldu duenez, ekimen honen helburua turismoaren deszentralizazioa sustatzea da, bisitan datozen pertsonei garraio publikoa hurbilduz, haien joan-etorriak jasangarriagoak izan daitezen, eragozpen gutxiago sor ditzaten eta, horrenbestez, guztion artean lurraldea zaintzen laguntzea.
- Azahara Domínguez, Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako diputatua eta GGLAko presidenta: “Turismo bulegoak dira turistek Gipuzkoarekin duten lehen harremana; horregatik, txartel hau gune horietan eskuratzeko aukera emanez, gonbita egiten diegu turistei Gipuzkoa sakon ezagutzera garraio publikoan mugituz, turismo jasangarriago baterantz jauzi esanguratsua eginez. Horrela, urrats erabakigarria ematen dugu, halaber, gure irudia helmuga integratu gisa sendotzeko; izan ere, eskualdeen, museoen, kultur baliabideen eta naturguneen artean mugitzea erraza eta erosoa da”.
Donostia, 2026eko martxoaren 23a.-Gipuzkoan turismo-fluxuak deslokalizatzeko eta turistek lurralde barruan joan-etorri jasangarriagoak egin ditzaten sustatzeko helburuarekin, Gipuzkoako Garraioaren Lurralde Agintaritzak eta lurraldeko hainbat baliabide turistikok akordioa lortu dute bidaiarientzat erreferentziazko gune horietan MUGI txartel anonimoa eskuratu ahal izateko. Modu honetan ibilgailu pribatuaren ordez garraio publikoaren alde egitea errazten da.
Hala iragarri du astelehen honetan ATTGko presidente eta Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako diputatu Azahara Domínguezek. Azaldu duenez, datorren astelehenetik aurrera, martxoaren 30etik, lurraldeko 18 turismo bulego eta baliabide turistikotan eskuratu ahal izango dira garraio txartel horiek, bost euroko aurrekargarekin. Zehazki, txartel hori erosi ahal izango da, Donostiako turismo bulego berritu berrian ez ezik, Bidasoa eskualdean Irunen, Hondarribian eta Hondarribia-Marina gunean; Oarsoaldean Errenteriako eta Pasaiako bulegoetan; Buruntzaldean Astigarragako Sagardoetxean; Urola Kostan Orioko, Zarauzko eta Getariako bulegoetan; Debabarrenean Debako eta Mutrikukoetan; Tolosaldean Tolosako turismo bulegoan; Goierrin Ormaiztegiko Zumalakarregi museoan eta Ordiziako Delikatuz gunean; Urola Erdian Azpeitiko Loiolako Santutegian eta Zestoako bulegoan; eta Debagoienan Leintz Gatzagan.
“Ekimen hau lurraldeko turismo-estrategiaren baitan kokatzen da, turismo jasangarriagoa, orekatuagoa eta ingurunea errespetatzen duena sustatzeko; eta horretarako, MUGIren erabilera bultzatu behar dugu, baita bisitan datozenen artean ere”, adierazi du Azahara Domínguezek. Era berean, azaldu duenez, “turismo bulegoak dira turistek Gipuzkoarekin duten lehen harremana; horregatik, txartel hau gune horietan eskuratzeko aukera emanez, gonbita egiten diegu turistei lurraldera iristen diren unetik bertatik Gipuzkoa sakon ezagutzera garraio publikoan mugituz, turismo jasangarriago baterantz jauzi esanguratsua eginez”.
Azahara Domínguezen iritziz, Gipuzkoara iristen direnen artean MUGIren erabilera sustatzeak “urrats erabakigarria ekarriko du, halaber, gure irudia helmuga integratu gisa sendotzeko; izan ere, eskualdeen, museoen, kultur baliabideen eta naturguneen artean mugitzea erraza eta erosoa da”. Ildo horretan, gogorarazi du iazko ekainaz geroztik MUGI txartela Hondarribiko aireportuko oroigarri-dendan ere eros daitekeela.
“Apustu hau, Gipuzkoako Garraioaren Lurralde Agintaritzaren, Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako Departamentuaren arteko lan koordinatuari eta eskualdeen zein haien turismo bulegoen lankidetza aktiboari esker posible izan dena, aukera ematen digu berriro berresteko mugikortasun jasangarriago baten sustapena eta lurraldeaz gozatu ez ezik, hura zaintzen ere duen turismo-eredua defendatzen ditugula”, azpimarratu du Azahara Domínguezek. “Guregana datozenak gure lurraldean barneratzea nahi dugu, lurraldeak gordetzen dituen txoko guztiak ezagutzea, eta, horretarako, hemen dugun garraio publikoaren sare bikainaz baliatzea”, amaitu du.

