Gipuzkoako Garraio Lurralde Agintaritza eta Ataungo Udala akordio batera iritsi dira Udaletxean MUGI txartelak tramitatu ahal izateko
• Azahara Domínguez Gipuzkoako Garraioaren Lurralde Agintaritzaren presidenteak azaldu duenez, hala nahi duten bizilagunek bihartik aurrera, martxoak 18, txartelak erosi eta kargatu ahal izango dituzte herriko udaletxean.
• Azahara Domínguez, GGLAko presidenta: “MUGI oso barneratuta dago Gipuzkoan. Garraio publikoan egiten diren hamar bidaietatik ia bederatzi txartel horrekin ordaintzen dira. Hala ere, badakigu lanean jarraitu behar dugula sistema herritarrengana hurbiltzeko eta egin beharreko izapideak errazteko. Ataungo Udalarekin dugun lankidetza honek garraio publikoaren sustapenarekin dugun konpromisoa indartzen du, zerbitzu irisgarria, herritarren beharretara egokitua eta askoz hurbilagoa eskainiz, batez ere udalerri txikietan, hemendik aurrera, herritarrek ez baitute beren herritik irten beharrik izango MUGIa eskatu edo kargatu ahal izateko”.
• Martin Aramendi, Ataungo alkatea: “Garraio publikoa oinarrizko zerbitzu bat da, eta gurea bezalako herrietan are oinarrizkoagoa, auzo batetik bestera mugitzeko edo Ataundik beste herri batzuetara joateko nahitaezkoa dugu-eta ibilgailua hartzea. Zerbitzu hori ahalik eta onena izan dadin lankidetzan ari gara Gipuzkoako Foru Aldundiarekin eta Garraio Agintaritzarekin, eta MUGI txartela herrian bertan eskatu eta kargatu ahal izatea urrats garrantzitsua da bide horretan”.
Ataun, 2026eko martxoaren 17a.- Gipuzkoako Garraioaren Lurralde Agintaritza (GGLA) eta Ataungo Udala akordio batera iritsi dira, eta, horren bidez, nahi duten herritarrek Udalean bertan egin ahal izango dituzte MUGI txartelarekin lotutako izapideak.
Azahara Domínguez GGLAko presidenteak azaldu duenez, bihartik aurrera, martxoak 18, udal-bulegoetan txartel berriak eskatu ahal izango dira, kargak egin ere. Horretarako, Udaleko langileek Gipuzkoako Garraioaren Lurralde Agintaritzaren prestakuntza jaso dute.
Lankidetza hori GGLAren estrategiaren barruan kokatzen da, Gipuzkoako udalekin lankidetzan, lurraldean MUGI txartelaren arreta-guneen sarea zabaltzen jarraitzeko. Horretarako, GGLA duela hilabete batzuk jarri zen harremanetan udalerriekin, zerbitzu hori ematera animatzeko.
Helburua da sistema herritarrengana hurbiltzea eta edozein pertsonak bere txartela eska dezan edo garraio publikoarekin lotutako kudeaketak erraz eta hurbiletik egin ditzan ahalbidetzea.
Ataungo Udala sare horretan sartzea prozesu progresibo baten parte da, eta, horren bidez, espero da datozen hilabeteetan lurraldeko udal gehiagok bat egitea ekimen horrekin, MUGI sistema irisgarriagoa, hurbilagoa eta Gipuzkoako garraio publikoaren erabiltzaileen beharretara egokitua sendotzen lagunduz.
Azahara Domínguezek eskerrak eman dizkio Ataungo Udalari herritarren artean garraio publikoaren erabilera sustatzeko hartutako konpromisoagatik, eta azpimarratu du "MUGI sistema herritarrengana hurbiltzeko urrats berria" dela.
"MUGIk barneratze izugarria du Gipuzkoan. Garraio publikoan egiten diren hamar bidaietatik ia bederatzi txartel horrekin ordaintzen dira. Hala ere, badakigu lanean jarraitu behar dugula sistema herritarrengana hurbiltzeko eta egin beharreko izapideak errazteko. Ataungo Udalarekin dugun lankidetza honek garraio publikoaren sustapenarekin dugun konpromisoa indartzen du, zerbitzu irisgarria, herritarren beharretara egokitua eta askoz hurbilagoa eskainiz, batez ere udalerri txikietan, hemendik aurrera, herritarrek ez baitute beren herritik irten beharrik izango MUGIa eskatu edo kargatu ahal izateko", azpimarratu du Azahara Domínguezek.
Bestalde, Ataungo alkatea den Martin Aramendik honako hau adierazi du: “Garraio publikoa oinarrizko zerbitzu bat da, eta gurea bezalako herrietan are oinarrizkoagoa, auzo batetik bestera mugitzeko edo Ataundik beste herri batzuetara joateko nahitaezkoa dugu-eta ibilgailua hartzea. Zerbitzu hori ahalik eta onena izan dadin lankidetzan ari gara Gipuzkoako Foru Aldundiarekin eta Garraio Agintaritzarekin, eta MUGI txartela herrian bertan eskatu eta kargatu ahal izatea urrats garrantzitsua da bide horretan”.

