HOW TO SHOP

1Login or create new account.
2Review your order.
3Payment & FREE shipment

If you still have problems, please let us know, by sending an email to support [ @ ] website.com . Thank you!

MUGIren erabilerak nabarmen gora egin du 2025ean, 82 milioi bidaia ingururekin, 2024ko errekorra baino 6 milioi gehiago

MUGIren erabilerak nabarmen gora egin du 2025ean, 82 milioi bidaia ingururekin, 2024ko errekorra baino 6 milioi gehiago

• Azahara Domínguez Gipuzkoako Garraioaren Lurralde Agintaritzaren presidente eta Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako diputatuak jakinarazi duenez, iaz 92,1 milioi bidaia egin ziren MUGI sistema osatzen duten garraioetan, eta hamar bidaiatik ia bederatzi (%86) txartel horrekin ordaindu ziren.

• Gainera, 170.000 txartel berri baino gehiago egin ziren (aurreko urtean baino ia 18.000 gehiago), eta, lehen aldiz, 2013an, MUGI sistema merkaturatu zen urtean, egindako txartelen kopurua gainditu zen.

• Azahara Domínguez, Gipuzkoako Garraioaren Lurralde Agintaritzaren presidente eta Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako diputatua: “Nazioarteko ziurgabetasun handiko testuinguru honetan, MUGIk segurtasuna eta lasaitasuna ematen dizkie milaka familiari; izan ere, ez dute egunero erregaiaren prezioa begiratu behar, badakitelako Gipuzkoan konfiantza handieneko garraio publiko sistema jasangarri eta integratua dutela, beren beharretara eta egoera pertsonalera egokitzen dena, zenbat eta gehiago erabili orduan eta deskontu handiagoak eskaintzen dituena, abantaila ugarirekin batera, eta garraio publikoaren sarbidea demokratizatu duena. Horregatik, gure helburua sistema hau hedatzen jarraitzea da, operadore berriak eta deskontu handiagoak txertatuz”.

Donostia, 2026eko martxoaren 5a.- MUGIren erabilerak goranzko joerari eusten dio Gipuzkoan. 2025ean, txartel honen erabilerak ia 82 milioi bidaia izan ditu, 2024an ezarritako errekorrarekin alderatuta sei milioi bidaia gehiago. MUGIn integratuta dauden garraio publikoko operadoreek (Lurraldebus, Euskotren, Renfe Aldiriak, Donostia, Irun, Errenteria, Arrasate, Zarautz, Eibar, Hernani, Lasarte, Oiartzun, Oñati eta Tolosako hiri-autobusak eta Pasaiako txalupa) erregistratutako 92,1 milioi bidaietatik 81,9 milioi MUGIrekin ordaindu dira; horrek esan nahi du garraio publikoko bidaien %86 txartel honekin ordaindu direla.

Datu hauek ostegun honetan eman ditu ezagutzera Gipuzkoako Garraioaren Lurralde Agintaritzako presidente eta Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako diputatu Azahara Domínguezek. Lurraldeko garraio publikoan izaten ari diren “datu bikainak” nabarmendu ditu. “Gipuzkoan badugu garraio publikoa sustatzeko sistema aitzindari bat, MUGI, eta gainera erreferentea da beste lurralde askorentzat, baita Euskadin ere. Horregatik, albiste bikaina da egiaztatzea Gipuzkoan duen hedapena etengabe hazten ari dela eta gero eta pertsona gehiagok goza ditzaketela haren abantaila guztiak: erabileraren araberako deskontu progresiboak, operadoreen arteko doako transbordoak, adingabeentzat eta mendekotasuna duten pertsonen laguntzaileentzat doakotasuna, besteak beste”, adierazi du Azahara Domínguezek.

 

MUGI, ordainketa-metodo nagusia operadore guztietan

Azaldu duenez, MUGI da ordainketa-metodo nagusia operadore guztietan. Txartel honekin ordaindutako ia 82 milioi bidaietatik 31,4 milioi DBUSen egin dira, %93ko erabilera-tasarekin. Ondoren datoz Lurraldebus (27,9 milioi, %90), Euskotren (15,8 milioi, %86) eta Irungo hiri-autobusa (2 milioi, %87). Bosgarren postuan dago Renfe Aldiriak, 1,7 milioi bidaierekin (%35).

Gainerako operadoreei dagokienez, honako datuak erregistratu dira: 830.831 bidaia Errenteriako hiri-autobusean (%88), 218.723 Pasaiako txalupan (%57), 156.205 Zarauzko hiribusan (%73), 96.487 Tolosan (%93), 93.591 Arrasaten (%87), 88.731 Oiartzunen (%88), 54.232 Lasarte-Orian (%78), 40.062 Eibarren (%78), 31.062 Hernanin (%59) eta 19.240 Oñatin (%72). Gainera, 1,6 milioi bidaia ordaindu dira MUGIrekin Bizkaia eta Arabako hainbat operadoretan.

“Ahalegin handia egiten ari gara MUGIren sarea zabaltzen jarraitzeko, bai operadore berriak integratuz —joan den abenduan MUGIn sartu ziren Andoaingo eta Hondarribiko hiri-autobusak, esaterako— bai txartel sozial honen abantailak handituz. Helburua da pertsona guztiek garraio publikoa eskuragarri izatea, horrela guztiontzat aukera-berdintasuna bermatzeko eta hezkuntza, enplegua, osasuna edo aisialdia eskuratzeko ibilgailu pribatu bat izatera behartuta ez egoteko”, azpimarratu du ATTGko presidente eta diputatuak.
Balance Mugi EluskaRenedo AzaharaDominguez baja

Txartel errekorra

Nabarmendu duenez, 2025ean, lehen aldiz, 2013an —sistema abiarazi zen urtean— baino MUGI txartel gehiago egin dira. Guztira 171.755 txartel, 2024an baino 17.818 gehiago; horrek %11,6ko hazkundea dakar.

Txartel guztien artean, ia hamarretik zazpi (%69,6) pertsonalizatuak izan dira —abantaila handiagoak ematen dituztenak— eta gainerako %30,4 anonimoak. Gainera, ia hamarretik sei emakumeei (%56,2) egin zaizkie, eta gainerakoak gizonei (%43,8).

Txartel pertsonalizatu berrien erabiltzaile-profilak askotarikoak dira: %54k txartel arrunta du, eta %46 kolektibo espezifikoei dagokie (MUGI soziala, familia ugariak eta desgaitasun aitortua duten pertsonak). Azahara Domínguezen iritziz, horrek “MUGIren eginkizuna erakusten du gizarte-kohesiorako tresna eta pertsona guztien aukera-berdintasunaren bermatzaile gisa, sistemaren izaera sozial, irisgarri eta unibertsala indartuz”.

Gainera, 2025a ere errekor urtea izan da gazte kolektiboaren txartel pertsonalizatuen jaulkipenean: 36.483 txartel berri (+%31,3). Izan ere, iaz jaulkitako txartel berrien hamarretik hiru gazteentzat izan dira. “Neurri giltzarriak, hala nola 12 urtetik beherakoentzako egiturazko doakotasuna, aldi baterako 15 urtetik beherakoetara zabaltzea eta kolektibo horrentzat %50eko deskontuak mantentzea, txartelen kopurua nabarmen handitu dute. Pozik gaude, gazteen artean mugikortasun jasangarriko ohiturak sendotzen ari garelako, eta, aldi berean, haien autonomia eta independentzia sustatzen ditugulako”, baloratu du.

Azahara Domínguezen arabera, inoiz ez da izan hainbeste erabiltzaile MUGIn; dagoeneko 780.000 pertsonara hurbiltzen da kopurua, 2025ean 48.000 erabiltzaile berri erregistratuta.

MUGI lurralde osoan hedatzen da

Bere esanetan, MUGIren erabiltzaile gehien Donostian daude, ia 225.000 (%32). Ondoren dator Donostialdea, ia 152.000 erabiltzailerekin (%21,5). Bidasoa eta Txingudi inguruek %10 inguru ordezkatzen dute, eta Debagoienak %8,3. Atzetik datoz Debabarrena (%6,8), Urola Kosta (%6), Tolosaldea (%5,1), Urola Erdia (%4,1), Goierri (%3,7) eta Urola Garaia (%2,3).

Gainera, 73.000 pertsona baino gehiagok dute MUGI, Gipuzkoan bizi ez arren: 35.136 Bizkaian, 22.474 Araban, 4.761 Nafarroan, 8.277 Estatuko gainerako lurraldeetan, 2.421 Frantzian eta 103 atzerriko beste herrialde batzuetan.

Kargak eta erabiltzaileen arreta

2025ean 3,7 milioi karga egin dira, guztira 39,7 milioi euroko zenbatekoarekin; batez besteko karga 10,6 eurokoa izan da.

Gainera, web bidezko kargen errekor historikoa erregistratu da: 110.000 karga, bost urtean laukoiztu direnak.

Halaber, 2025a jarduera handieneko urtea izan da MUGI Arreta Zerbitzuan: 104.944 dei artatu dira (+%4,3), ia 70.000 ticket digital kudeatu dira Zendesk plataforman (+%35), 175.000 SMS baino gehiago bidali dira (+%79) eta ia 20.000 aurrez aurreko eskaera izapidetu dira (+%11,7).

“Nazioarteko ziurgabetasun handiko testuinguru honetan, MUGIk segurtasuna eta lasaitasuna ematen dizkie milaka familiari; ez dute egunero erregaiaren prezioa begiratu behar, badakitelako Gipuzkoan konfiantza handieneko garraio publiko sistema jasangarri eta integratua dutela, beren beharretara eta egoera pertsonalera egokitzen dena, zenbat eta gehiago erabili orduan eta deskontu handiagoak eskaintzen dituena, eta garraio publikoaren sarbidea demokratizatu duena. Horregatik, gure helburua sistema hau hedatzen jarraitzea da, operadore berriak eta deskontu handiagoak txertatuz”, adierazi du Azahara Domínguezek. Era berean, sistemaren modernizazioan lanean ari direla gogorarazi du, eta MUGI birtuala ahalik eta lasterren errealitate izan dadin “urrats sendoak” ematen ari direla ziurtatu du.

 

 

 

 

TOP