Gipuzkoak garraio publikoaren hobariez gozatzen jarraituko du 2026an
- Azahara Domínguez Gipuzkoako Garraioaren Lurralde Agintaritzaren (GGLA) presidenteak jakinarazi duenez, ostiral honetan egindako ezohiko batzarrean onartu da Gipuzkoa Espainiako Gobernuaren Errege Dekretuak jasotzen dituen deskontuei atxikitzea; beraz, 2026an adingabeek doan bidaiatzen jarraituko dute 15 urte bete arte; 15 eta 25 urte bitartean garraio publikoaz gozatzen jarraituko dute % 50ean, eta gainerako erabiltzaileek % 40ko hobariak izango dituzte.
- Azahara Domínguez, GGLAko presidentea: "Gipuzkoan beti defendatu dugu prezio eskuragarriak dituen garraio publiko baten aldeko apustua egitea, beste neurri batzuez gain, funtsezkoa dela pertsona guztiek mugikortasun iraunkorrago baterako eskubidea izan dezaten, bizitza non bizi den eta zein errenta duten kontuan hartu gabe garatu ahal izateko. Horregatik, albiste bikaina da 2026an MUGI sistemaren abantaila guztiak indarrean dauden deskontuekin osatzea".
Donostia, 2025eko abenduaren 26a.- Gipuzkoak gaur egun garraio publikoan indarrean dauden deskontuez gozatzen jarraituko du 2026an. Horrela iragarri du ostiral honetan Gipuzkoako Garraioaren Lurralde Agintaritzako presidenteak, Azahara Domínguezek, eta jakinarazi du ezohiko batzarrak deskontuak 2026an mantentzea onartu duela, Espainiako Gobernuak garraio publikorako laguntzei eusten diela jakin ondoren.
Horien arabera, adingabeen doakotasuna mantentzen da 15 urte bete arte; 15 eta 25 urte bitarteko pertsonek, berriz, % 50eko deskontuak izaten jarraituko dute, eta garraio publikoaren gainerako erabiltzaileek % 40ko hobariak izango dituzte txarteletan. Horien kostua Gobernu zentralak ordainduko du % 20an, eta gainerako % 20a toki-administrazio eskudunek.
"Gipuzkoan beti defendatu dugu prezio eskuragarriak dituen garraio publiko baten aldeko apustua egitea, beste neurri batzuez gain, funtsezkoa dela pertsona guztiek mugikortasun iraunkorrago baterako eskubidea izan dezaten, bizitza non bizi den eta zein errenta duten kontuan hartu gabe garatu ahal izateko. Horregatik, albiste bikaina da 2026an MUGI sistemaren abantaila guztiak indarrean dauden deskontuekin osatzea", ospatu du Azahara Dominguezek, eta "MUGIren eskubideen zorroa handitzeko" lanean jarraituko duela azpimarratu du.
"Garraio publikoa gizarte-kohesiorako dugun tresnarik garrantzitsuenetako bat da, pertsona guztien aukera-berdintasuna eta hezkuntza, lana, osasuna edo aisialdia bezalako oinarrizko eskubideak eskuratzea bermatzen baitu. Horregatik, erabilera sustatzeko neurriak hartzen jarraituko dugu, eta lanean jarraituko dugu ematen dugun zerbitzua jendearen benetako beharretara egokitzeko; izan ere, horrek aukera emango digu Gipuzkoa berdinzaleagoa eraikitzeko, pertsona guztientzako ongizate-estatua bermatuko duena", amaitu du Azahara Domínguezek.

