GGLAk MUGI birtualaren proba pilotua hasiko du Lasarte-Oriako hiri-autobusean
Gipuzkoako Garraioaren Lurralde Agintaritzak (GGLA) MUGI birtualaren proba pilotua hasiko du aste honetan Muittu Manttangorri zerbitzuan, Lasarte-Oriako hiri-autobusean. GGLAko presidente Azahara Domínguezek azaldu duenez, zerbitzu honetan balidagailu berriak instalatu dira dagoeneko, eta, beraz, proba teknikoak arrakastaz amaitu ondoren, aste gutxiren buruan MUGI birtuala erabili ahal izango da autobus honetan.
MUGI birtuala martxan jarri aurreko fase giltzarria da hau, behin betiko ezarpena egin aurretik sor daitezkeen gorabeherak atzeman eta konpontzeko balioko duena. Probak ostegunean hasiko dira, abenduaren 18an, eta Lasarte-Oria ordainketa sistema berri hau probatzen duten lehen udalerrietako bat izango da.
“MUGI birtuala ezartzea mugarri garrantzitsua izango da Gipuzkoako garraio publikoaren modernizazioan, eta zerbitzu arinagoa, erosoagoa, modernoagoa eta iraunkorragoa eskaintzea ahalbidetuko digu, txartel fisikoetarako erabiltzen den plastikoa murriztuko baita”, adierazi du GGLAko presidenteak.
Lasarte-Oria, MUGI birtualaren udalerri pilotua
Iragarpena GGLAko presidente Azahara Domínguezek eta Lasarte-Oriako alkate Agustín Valdiviak egindako bileraren ondoren egin da, udalerriko hiri-autobusean MUGI birtuala erabiltzea ahalbidetuko duten balidagailu berrien ezarpena amaitu ondoren.
Domínguezek gogorarazi duenez, balidagailuen berritzea “beharrezko aurretiko urratsa” da MUGI birtualarekin bateragarria den ticketing sistema berri bat ezarri ahal izateko, eta, gainera, Bat eta Barik txartelen elkarreragingarritasuna zein banku-txartelarekin ordaintzea ahalbidetzeko. Ildo horretan, Lurraldebusek balidagailuen berrikuntza amaitu du dagoeneko, eta, ondorioz, MUGI birtuala epe laburrean izango da errealitate zerbitzu honetan. Hiri-autobusek makina berriak instalatzen dituzten heinean, MUGI birtualaren ezarpena lurralde osora hedatzen joango da.
Sistema erosoagoa, arinagoa eta iraunkorragoa
“Badakigu MUGIren modernizazioa gure erabiltzaileen ohiko eskaria dela; horregatik, pozik gaude MUGI birtuala errealitate bihurtzeko azken urratsak ematen ari garelako”, nabarmendu du Domínguezek. Sistema berri honi esker, MUGIren abantaila eta hobari guztiak izango dituzte erabiltzaileek, txartel fisikoa eraman beharrik gabe, mugikorretik modu erosoan jardunez.
GGLAko presidenteak azpimarratu du, edonola ere, hala nahi duten pertsonek MUGI txartel fisikoa erabiltzen jarraitu ahal izango dutela, orain arte bezala. “Bizi dugun garaiarekin bat datorren zerbitzu moderno bat eskaintzeak, gure erabiltzaileak fidelizatzeaz gain, gero eta jende gehiagok garraio publikoa erabiltzea sustatuko du”, gaineratu du.
Herritarren egunerokoa errazteko beste urrats bat
Bestalde, Lasarte-Oriako alkate Agustín Valdivia pozik agertu da MUGI sistemak aurrerapauso berri honekin, herritarrentzat dakartzan onurak azpimarratuz. “Instituzioak jendearen bizitza errazteko gaude, teknologiak eskaintzen dizkigun aukerak aprobetxatuz”, adierazi du.
Valdiviak nabarmendu du MUGI birtualaren erabilgarritasuna egunerokoan mugikorra etengabe erabiltzen den gizarte batean: “Gero eta ohikoagoa da erosketak edo kontsumoak mugikorrarekin ordaintzea; autobus-txartela mugikorrarekin ordaintzeko aukera gehitzea, zalantzarik gabe, bide onean egindako urratsa da”.

