Azahara Domínguezek Miguel Ángel Páez ordezkatu du Gipuzkoako Garraioaren Lurralde Agintaritzaren (GGLA) lehendakaritzan, MUGI birtuala errealitate bihurtzeko eta operadore posible guztiak MUGI sarean sartzeko erronkarekin
Donostia, 2025eko otsailak 12a
Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako foru diputatu Azahara Domínguezek Gipuzkoako Garraioaren Lurralde Agintaritzaren (GGLA) lehendakaritza hartu du datozen bi urteetarako eta Eusko Jaurlaritzako Azpiegitura eta Mugikortasun Iraunkorreko sailburuorde Miguel Ángel Páez ordezkatu du.
Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako diputatuak datozen bi urteetarako lehendakaritza hartu du, Gipuzkoak garraio publikoaren arloan bizi duen une historikoa kudeatzeko eta MUGI sistemaren eskubideen zorroa zabaltzen jarraitzeko helburuarekin. Azahara Domínguez, Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako diputatua eta GGLAren presidenta: “Garaio publikoan bizi dugun une historiko hau kudeatzea erronka handia da; izan ere, gure helburua ez da jada daukagun erabiltzaile kopuruari eustea bakarrik, hazten jarraitzea baizik, eta gero eta gipuzkoar gutxiago egotea ibilgailu pribatuaren mende joan-etorrietarako. Eta horrek operadoreek ematen dituzten zerbitzuak hobetzen jarraitzeko apustu sendoa egiten jarraitzea eskatzen du, herritarren benetako beharretara egokituz, eta MUGI sistemak eskaintzen digun eskubide-zorroa zabaltzen jarraitzea. Gainera, MUGI modernizatzen jarraituko dugu, datozen hilabeteetan BAT eta Barik txartelen elkarreragingarritasuna eta MUGI birtuala abian jartzea errealitate bihurtuz.”.
Azahara Domínguezek presidente kargua hartu du Gipuzkoako garraio publikorako une historiko batean; izan ere, azken urteetan erregistro guztiak hautsi dira erabiltzaileei dagokienez, eta 2023an, MUGI sisteman atxikitako operadoreetan egindako 83 miloi bidaietatik 69 miloi txartel honekin ordaindu ziren. "Une historiko hau kudeatzea erronka handia da; izan ere, gure helburua ez da jada daukagun erabiltzaile kopuruari eustea bakarrik, hazten jarraitzea baizik, eta gero eta gipuzkoar gutxiago egotea ibilgailu pribatuaren mende joan-etorrietarako. Eta horrek operadoreek ematen dituzten zerbitzuak hobetzen jarraitzeko apustu sendoa egiten jarraitzea eskatzen du, herritarren benetako beharretara egokituz, eta MUGI sistemak eskaintzen digun eskubide-zorroa zabaltzen jarraitzea ", adierazi du.
MUGIren eskubide-zorroa zabaltzea
Presidente den bitartean, Azahara Dominguezek MUGI sistemaren eskubideen zorroa zabaltzen jarraitzeko lan egingo du. Horri dagokionez, azken urtean bi mugarri garrantzitsu gertatu dira: batetik, Loiuko aireportuarekin lotzen duten autobusak eta Pasaiako txalupa MUGI tarifa-sisteman sartzea, eta, bestetik, mendekotasun aitortua duten pertsonei Gipuzkoako garraio publikoan doan bidaiatu ahal izateko laguntzaile-txartela martxan jartzea.
Gainera, joan den urtarrilaren 30etik, 12 urtetik beherakoek doan bidaiatu dezakete MUGIko operadore guztietan, eta gogorarazi duenez, neurri hori "egiturazkoa da, eta geratzeko iritsi da".
"Gero eta gipuzkoar gehiagok garraio publikoa erabiltzea nahi badugu, urratsak ematen jarraitu behar dugu MUGI sistemaren eskubide-zorroa zabaltzeko", baieztatu du GGLAko presidente berriak, eta azaldu du, besteak beste, Gipuzkoako hainbat alkaterekin bilerak egiten ari dela sistema horretan hiri-autobus berriak sartzea ahalbidetzeko. "MUGI sistemak, erabileragatiko hobariak eta kolektibo bereziei deskontuak eskaintzeaz gain, doako transbordoak eskaintzen dizkie erabiltzaileei sarea osatzen duten garraio-operadore guztietan. Horregatik, funtsezkoa da Gipuzkoan dauden hiri-autobusak integratzen jarraitzea, erabiltzaileek MUGIren onura guztiak izan ditzaten ", adierazi du.
Era berean, datozen hilabeteetan lanean jarraituko dugu MUGIren erabiltzaileek garraio publikoa erabiltzerakoan abantaila berriak izan ditzaten.
Azkenik, Azahara Domínguezek gogorarazi du MUGIn egiten ari den modernizazio prozesuaren baitan, datozen hilabeteetan Gipuzkoako operadoreetan BAT eta BARIK txartelen elkarreragingarritasuna egia izango dela, baita MUGI birtuala ere. Horri esker, erabiltzaileek ez dute txartel fisikoaren beharrik izango ordaindu ahal izateko.