2023AN, GIPUZKOAN, IA 83 MILIOI BIDAIA EGIN DIRA MUGI SISTEMAN INTEGRATUTAKO GARRAIO PUBLIKOETAN
2023AN, GIPUZKOAN, IA 83 MILIOI BIDAIA EGIN DIRA MUGI SISTEMAN INTEGRATUTAKO GARRAIO PUBLIKOETAN
Iazko garraio publikoaren erabilera osasuntsua izan dela jakinarazi nahi du MUGIk. MUGI txartelarekin egindako bidaien kopurua handitzeaz gain, txartelen salmenta bera ere handiagoa izan da. Etorkizunera begira, helburual, garraio publiko jasangarria, erosoa, lehiakorra eta irisgarria bermatzea da, gipuzkoar guztien onurarako hainbat berrikuntza eta erronkarekin.
Donostia / San Sebastián. MUGIk iazko garraio publikoaren erabileraren osasun handia agerian jarri nahi du. Datuek erakusten dutenez, 2023an 83.000.000 bidaia egin zituzten erabiltzaileek MUGIko garraio publikoetan, eta horietatik 69.000.000 MUGI txartelarekin ordaindu zituzten, aurreko urtean baino 12.000.000 gehiago. Izan ere, gaur egun, Gipuzkoan egiten diren hamar bidaiatik zortzi baino gehiago MUGI txartelarekin ordaintzen dituzte bidaiariek. Gainera, 130.000 txartel baino gehiago saldu zituzten, eta horietatik 90.000 baino gehiago pertsonalizatuak izan ziren. Datu horiek nabarmen gainditzen dituzte pandemia aurreko zifrak; izan ere, 2019arekin alderatuta (erreferentziazko azken urtea), hazkundea % 10,63koa izan da. Gainera, goranzko joera horri eusten jarraitzen dute zenbakiek 2024ko lehen hilabeteetan. Urtarriletik maiatzera bitartean, 60.253 txartel saldu dituzte, aurreko urteko aldi berean baino % 17 gehiago, eta 34,3 milioi bidaia egin dituzte erabiltzaileek, 2023ko lehen bost hilabeteetan baino ia milioi bat gehiago.
Erabiltzaileak
Erabiltzaileen profilari dagokionez, MUGI txartela gehienbat Gipuzkoan bizi diren emakumeek erabiltzen dute eta hiriko autobusak erabiltzen dituzte batez ere. Izan ere, MUGIren hamar erabiltzailetik ia sei emakumeak dira. Gainera, erabiltzaileen % 92 Gipuzkoan bizi da, eta erdia baino gehiago (% 55) Donostian edo Donostialdean bizi da.
Hirikoak
Eluska Renedok, Gipuzkoako Garraioaren Lurralde Agintaritzaren zuzendariak, azaldu du MUGI zein operadoretan erabili den gehien eta baita ordainketak egiteko zein txartel mota erabili diren ere. Renedoren arabera, hiriko autobusak dira gehien erabiltzen diren garraiobideak MUGIren barruan; izan ere, bidaien % 40 dira, herri artekoak % 32 eta trenbidekoak % 28.
Beste urte batez, DBUS da MUGIrekin ordaindutako bidaien rankingaren buru, bidaia guztien % 36ra iritsiz, ondoren Lurraldebus (% 32), Euskotren (% 19) eta Renfe (% 9). Gipuzkoatik kanpo 1,2 milioi bidaia egin dira MUGI txartelarekin.
Txartel berriak
Txartel berrien salmentari dagokionez, 2022an baino, % 8,52 txartel berri pertsonalizatu gehiago saldu dira eta emandako txartelen % 41,61 erabiltzaile berriei dagozkie. Hala ere, MUGIren txartel anonimoen erabilera gorantz doa, % 15,5 igo da aurreko urtearekin alderatuta, 114.537 txartelera iritsiz. 2023 izan da, halaber, linea desberdinen edo operadoreen artean transbordo gehien egin diren urtea: 5,8 milioi, 2022an baino % 16,63 gehiago. Hobarien atalean, guztira 800.027 egin dira, 4,1 milioi euroko zenbatekoarekin, eta nabarmentzekoa da MUGI gazte txartela, dagoeneko 75.553 titular dituena.
Kargak
Eluska Renedok 2023ko balorazioan emandako datuei gehitu nahi die MUGIk txartelaren erabilera kolektibo guztietan eta garraio-operadore guztietan handitu den arren, txartelen kargak nabarmen jaitsi direla, zehazki, % 18 2022koekin alderatuta eta % 35 2019ko datuekin alderatuta. Murrizketa hori Espainiako Gobernuak 2022ko irailean bultzatutako hobari-politikaren ondorio da. Politika hori Eusko Jaurlaritzak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak osatzen dute, eta gaur egun garraio publikoak erdia balio dien Gipuzkoako familientzat aurrezpen oso garrantzitsua ekarri du.
Erronkak
Datu horiek mahai gainean jarrita, orain MUGIk erabilera maila horri eusteko erronkari ekingo dio, eta, beraz, lanean jarraituko du gipuzkoarrentzat garraio publikoa egunetik egunera erakargarriagoa izan dadin.
Ildo horretan, gogoratu behar da azken hilabeteotan bi aldarrikapen historikori erantzun diegula: Pasaiako motora eta Loiuko aireporturako autobusa MUGI sisteman sartzea, eta horrek aurrezpen handia ekarri die garraio horien erabiltzaileei. Eta datozen hilabeteei begira, erronkak askotarikoak dira: MUGI birtuala abian jartzeko eta Bizkaiko hiriarteko autobusetan MUGIren interoperabilitatea handitzeko lanean ari gara, Euskadiko garraio publikoaren sare osoan MUGIren erabateko interoperabilitatea burutzeko.
Onurak
Datu horiek guztiek erakusten dute MUGI finkatuta baino sendoago dagoela Gipuzkoan. Garraio-sistema bateratu horrek deskontu eta hobari handiak eskaintzen dizkie erabiltzaileei, eta aukera ematen digu garraio publikorako sarbidea demokratizatzeko eta Gipuzkoa justuago eta kohesionatuago baten eraikuntzan aurrera egiteko. Izan ere, erabiltzaile bakoitzaren egoera ekonomikoetara egokitzen den txartel soziala da, errenta baxuenak dituzten pertsonei eta kolektibo ahulenei mesede eginez. MUGI garatzen jarraituko dugu gero eta gipuzkoar gehiagok garraio publikoaren aldeko apustua egin dezaten.