E-mobask eta Smartmob proiektu europarren aurkezpena Hendaian
DBUSek, Gipuzkoako Garraioaren Lurralde Agintaritzak, Iparraldeko Euskal Hirigune Elkargoko Mugikortasun Sindikatuak, Bidasoa-Txingudi Mugaz-gaindiko Partzuergoak eta Hendaia eta Irungo udalerriek 2018an hasitako E-MOBASK eta SMARTMOB proiektuen emaitzak eta fruituak aurkeztu dituzte Hendaian (Lapurdin). Helburu nagusia da Baiona eta Donostia arteko lurraldean eta Txingudiko badian garraio publikoaren erabilera sustatzea.
Ondorioz, bi proiektuen garapenari esker, Gipuzkoako eta Iparraldeko garraio publikoetako sareen arteko lehen interkonexio gauzatu da; eta, horrela, garatutako tiketing sistema elkarreragingarriari esker, aste batzuen buruan, Iparraldeko garraio-sareko erabiltzaileek Donostiako hiribusean (DBUSen) bidaiatu ahal izango dute, euren ohiko garraio txartela den TXIK TXAK txartelarekin.
Horrela, bada, aurkezpenean, aipatutako administrazio guztietako ordezkariek % 100 elektrikoa den DBUSeko autobus batean bidaiatu dute, TXIK TXAK txartelarekin euren bidaia balioztatuz.
Urratsak berriak 2023an:
Bi lurraldeen arteko elkarreragingarritasunari esker, gipuzkoarrek euren MUGI txartelarekin bidaiatu ahal izango dute Iparraldeko garraiobide guztietan; eta Iparraldekoek TXIK TXAKekin MUGI sistemako sare osoan mugitu ahal izango dute. Ildo horretan, ticketing elkarreragingarriaren hitzarmena sinatuko dute Gipuzkoako Garraioaren Lurralde Agintaritzako eta Ipar Euskal Herria-Iturriko Mugikortasun Sindikatuko presidenteek, Rafaela Romerok eta Jean-François Irigoyenek, hurrenez hurren. Beraz, erakundeen arteko lankidetzari ekin zaio, bi lurraldeen arteko garraio publiko jasangarria sustatzeko xedez.
Aurkezpenen ekitaldian, bi proiektuei buruzko gai eta arlo teknikoak ere azaldu dira, hala nola bidaiarientzako informazioa, elkarreragingarritasunaren funtzionamendu teknikoa, elektromugikortasuna, langileen mugikortasuna… Eta proiektuen etorkizunari buruzko ondorengo mahai-inguruan, agerian geratu da beharrezkoa dela hainbat erakunderen artean lan egiten jarraitzea; egungo garraio-zerbitzuak ezagutuz, aztertuz eta hobetuz, eta autobus-aldraren elektrifikazioa bultzatuz, bi lurraldeen arteko mugikortasun iraunkorra sendotzeko.
Lortutako beste lorpen batzuk:
Euskadin mugikortasuna sustatzeko bi proiektu europarrak ezartzearekin batera, Txingudiko badiako Bidasoa ibaiaz gaindiko langileentzako premiei erantzuteko eta mugikortasun iraunkorreko irtenbideak ezartzeko tresnak garatu dira.
Bestalde, garraio publikoko tituluen ordainketak edota balioztatzeak errazteko irtenbide berritzaileak ere garatu dira, hala nola DBUSeko autobusetan kreditu txartelarekin zuzenean ordaintzeko edota QR kodearekin ordaintzeko aukerak.
DBUSeko presidentea den Eneko Goia Donostiako alkatearen arabera, “proiektu honek DBUSen hainbat berrikuntza teknologiko ezartzea ahalbidetu du, hala nola: EMV ordainketa sistema autobus aldra guztian, balioztagailu guztietan txertatutakoa, ticketing sistemaren bidez; QR ordainketa sistema, titulu berriekin datozen asteetan erabiltzaile guztien zerbitzura egongo dena; Ekobus sistema, eraginkortasunez gidatzen laguntzekoa, anti-bunching sistema daramana (autobusek bat ez egiteko sistema); eta eguzki-plakak dituzten bi markesina ezartzea. Era berean, E-mobask proiektuak Donostiako eta Baionako hirien artean esperientziak partekatzeko balio izan du; eta, esperientzia horien ondorioz, hiri askorentzat erreferente izan den txosten bat egin da.”
Era berean, bidaiarientzat gida bat ere argitaratu da, hiru hizkuntzetan; eta lurraldeko herritarrei eta bisitariei aukera ematen die Euskal Eurohirian dauden Bidasoaz gaindiko mugikortasun-irtenbide guztiak ezagutzeko. Bide batez, TXIK TXAK eta DBUS sareetako pantailak informazio-sistema eraginkorrez hornitu dira; eta bi lurraldeetako turismobulegoetako agenteei eta garraio-operadoreei mugikortasuneskaintza guztiei buruzko prestakuntza eman zaie.
Jean-François Irigoyen ipar Euskal Herri – Aturriko Mugikortasunen Sindikatuko presidenteak adierazi duenez, “uneoro lanean dihardugu garraio publikoa praktikoagoa eta eskuragarriagoa izan dadin; eta horrela, auto pribatuaren erabilera ahalik eta gehien murriztu dadin. Hortaz, oso pozik gaude helburu horiek betetzen dituzten lurralde arteko bi proiektu hauekin: Bidasoaren bi aldeetako erabiltzaileen bizitza errazten da; gure sistemen modernizazioa bultzatzen da; eta urrats sendoak ematen dira guztiz elektrikoa den autobus-aldra baterantz, garraioaren ingurumen-inpaktua ahalik eta txikiena izan dadin.”
Era berean, Rafaela Romerok, Gipuzkoako Garraioaren Lurralde Agintaritzako presidenteak, azpimarratu du “MUGI sistema mugikortasun berde, justu eta digitalaren eredutzat hartu dutela Europako erakundeek. Eta, ildo horretan, MUGI txartelaren erabilera bultzatu nahi dugu E-mobask proiektuaren eragin-eremuan. Proiektu aitzindariak gauzatu ditugu. Eta bada garaia, asmoetatik ekintzetara igaro eta, Bidasoaren bi ertzetako euskaldunak garraio publikoaren bidez lotzen dituzten errealitateetara igarotzeko; batez ere, MUGI izango baita MUGI birtualarekin lehen erreferentzia digitala. Bilakaera teknologiko horri esker, europar orok aukera izango du bere mugikorrarekin MUGI sistema soziala erabiltzeko, jaioterria eta bizilekua kontuan hartu gabe. Horrela, MUGI txartelak Bidasoaz haraindi mugitzeko oinarrizko eskubidea eskainiko du; hau da, gure MUGI sistema Europa sozialaren zutabe izatea egikarituko du.”
Bestalde, Joseba Erremundeguyk —Euskal Hirigune Elkargoko mugaz gaindiko, Europako eta nazioarteko lankidetzarako kontseilari delegatuak— adierazi duenez, “lurraldeen arteko mugikortasun iraunkorra sustatzea da mugaz gaindiko lurraldeen bizkarrezurra, herritarren mugimenduak egituratzen eta errazten baititu. Beraz, Iparraldeko Euskal Hirigune Elkargokoaren eta haren Mugikortasun Sindikatuaren nahia da hasitako ekintzekin jarraitzea; bereziki, ticketing elkarreragingarriarekin, MUGI txartelaren titularrei TXIK TXAK sare osoan bidaiatzeko aukera emateko, eta TXIK TXAK txartelaren titularrek Gipuzkoako garraio-sare guztietan bidaiatzeko parada edukitzeko.”
Bestalde, Irungo alkatea den Jose Antonio Santanok azaldu du hainbat urtetan mugaz gaindiko mugikortasunaren erronka izan dela Bidasoa eskualdeko helburuetako bat. Nabarmendu nahi izan du Bidasoa-Txingudi Mugaz-gaindiko Partzuergoak eta eskualdeko udalek elkarlanean egindako lanari esker, 2016an, Hegobus autobus zerbitzua jarri zela martxan, Bidasoaren bi aldeak lotzeko. “Oso balantze positiboa egiten dugu; eta, hortaz, albiste ona izango da beti mugaren bi aldeetako bizilagunak garraio publikoan konektatzea errazten duen edozein ekintza berri”, gaineratu du.
Txomin Sagarzazu Hondarribiko Alkateak azaldu duenez “ezinbestekoa da erakunde ezberdinen arteko lankidetza ahalik eta zerbitzu egokiena eskaintzeko alde bateko zein besteko herritarrei. Gaurko ekitaldi hau horren erakusle da. Hondarribiak dauzkan ezaugarriei begiratuz, oso kontutan hartzeko da, adibidez, Hendaia eta Hondarribia itsasontziz lotzen dituzten zerbitzuak. Milaka bisitari dabiltza etengabe ibaiaren alde batetik bestera, eta mugikortasun iraunkorraren alde egiten den apustua argia dela esango nuke.”
Kotte Ecenarro Hendaiako alkateak adierazi duenez “lurraldeen arteko mugikortasunaren inguruko erronken aurrean, Hendaiako udalerria partaide den SMARTMOB eta E-MOBASK proiektuek mugikortasun jasangarri eta adimendunaren ikuspegi berri bat bultzatzen dute, erabiltzailea sistemaren erdigunean jarriz. Hain zuzen ere, Bidasoa-Hego Euskadiko lurraldean dauden mugikortasun beharrei erantzuten die proiektuek; eta lurralde horren erdigunea Txingudiko badia da (Hendaia, Irun eta Hondarribia). Proiektuak gauzatzeko, lankidetzan aritu gara Donostiako hiri garraio publikoa kudeatzen duen DBUS enpresarekin, Ipar Euskal Herri – Aturriko Mugikortasunen Sindikatuarekin (SMPBA), Gipuzkoako Garraioaren Lurralde Agintaritzarekin (GGLA) eta Akitania Berria-Euskadi-Nafarroa euroeskualdearekin. Eta, elkarlanari esker, egun, erabiltzaileak hobeto informatuta daude; horrek Bidasoa ibaiaz gaindiko mugikortasuna errazten duelarik.”
Komunikabideentzako txostena osorik irakurtzeko