HOW TO SHOP

1Login or create new account.
2Review your order.
3Payment & FREE shipment

If you still have problems, please let us know, by sending an email to support [ @ ] website.com . Thank you!

Garraio publikoaren errekuperaziorako kontzientziazio eta erakarketa kanpainak lurraldeko hainbat udalerri bisitatuko ditu

zatoz_garraio_publikora

  • ‘Joan-etorriak’ lelopean, Gipuzkoako Garraioaren Lurralde Agintaritzak garraio publikoaren erabilera sustatu eta balioan jarri nahi du.
  • Garraio publikoaren erabileraren inguruko hausnarketa egitera eraman nahi gaituen Agertoki Ibiltaria, Gipuzkoan barrena.

Gipuzkoako Garraioaren Lurralde Agintaritzako presidentea eta Mugikortasuneko eta Lurralde Antolaketako diputatua den Rafaela Romerok garraio publikoaren errekuperaziorako kontzientziazio eta erakarketa kanpaina berri bat aurkeztu du prentsaurrekoan. Jarduera honen aurkezpena gaur goizean egin da, Gipuzkoako Foru Aldundiaren Jauregian; eta bertan izan da baita GGLAko zuzendari nagusia den Eluska Renedo.

Aurkezpenean Rafaela Romerok azaldu duenez, EAEn osasun-larrialdi egoera amaitu ondoren, garraio publikoko zerbitzuen jarduera erabatekoa da. “Kanpaina honen bidez, Gipuzkoako garraio-sistemaren potentzia ikusarazi nahi dugu; MUGI sistema, alegia, estatuan eta Europan jada erreferentziazkoa dena.” Adierazi duenez, “MUGI txartelak gure helmugara ahalik eta modu ekonomiko, seguru, eroso eta jasangarrienean hurbiltzeko aukera ematen digu, aukeratzen dugun garraio publikoa edozein dela ere.”

Era berean, gogorarazi du kanpaina honek garraio publikoaren erabilera sustatzeko eta erabiltzaileen kopurua handitzeko Garraio Ministerioaren ekimenarekin bat egiten duela. “Azken finean, garraio publikoa alternatiba ekologikoena, azkarrena eta merkeena dela ikusarazi nahi dugu, baita ingurumena errespetatzen duen mugikortasuna lortzeko eta gipuzkoarren bizi-kalitatea hobetzeko aukera egokiena ere.”

 

Gipuzkoako garraio publikoa eta COVIDaren eragina

Beste sektore batzuek bezala, garraio publikoak ere aurre egin behar izan dio Covid-19aren pandemiaren inpaktuari. Hasieratik, funtsezko zerbitzua izan da; eta ez dio inoiz funtzionatzeari utzi. Une txarrenetan, funtsezko beste zerbitzu batzuetarako mugikortasuna bermatu du; nahiz eta mugikortasun mugak ezarri diren garaietan erabiltzaile-kopuruak nabarmen egin duen behera.

Pandemiari aurre egiteko, GGLAk eta gure lurraldean zerbitzuak eskaintzen dituzten operadoreek ibilgailuen segurtasun eta higiene-neurriak etengabe indartu dituzte, baldintzarik onenak bermatzeko, bai erabiltzaileentzat, eta baita enpresa emakidadunetako langileentzat ere.

Osasun-krisiak eragindako lehenengo larrialdi-egoeraren eta itxialdiaren ondoren, non garraio publikoko mugikortasuna % 25era murriztu zen, jardueraren murrizketak malgutzearekin batera, Gipuzkoako garraio publikoak erabiltzaileen % 76 berreskuratu zuen azkar eta epe laburrean. Hala ere, badaude bizitakoaren aztarna nabariak; herritar batzuen artean sortu diren mamu eta beldurrak. Beraz, azken horiei zuzenduta dago, hain zuzen ere, Gipuzkoako Garraioaren Lurralde Agintaritzak abian jarri duen “Joan-etorriak - Zatoz berriz trenera. Igo berriz autobusera” kanpaina.

 

‘Joan-etorriak’ kanpaina

GGLAk “Joan-etorriak” lema daraman kanpaina jarri du abian, pandemia garai honek sortutako kezkak alde batera utzi eta gipuzkoarrak garraio publikora bueltatzeko erronkari aurre egiteko, garraio publikoak pertsonen ongizatean eta bizimoduan eragiten dituen onurak balioan jarriz eta bere garaian zergatik aukeratu zituzten gogoraraziz.

Egungo testuinguruan, kanpaina honen helburu nagusiak dira Gipuzkoako garraio publikoari dagokion lekua aitortzea, kalitatezko zerbitzu segurua dela azpimarratzea eta gipuzkoarron ongizatean eragin zuzena duen zerbitzua dela gogoraraztea. Izan ere, oraindik pairatzen ari garen pandemia-egoerak eta gure bizimodua % 100ean berreskuratu ez izanak, gipuzkoarron ohitura eta jokabideak aldatu ditu garraio publikoaren erabilerari dagokionez.

Joan-etorriak kanpaina EAEn ezarritako osasun larrialdi egoeraren amaierarekin batera hasiko da. Horregatik, etapa berri honetan, Gipuzkoako garraio publikoak gipuzkoarron bidelagun izan nahi du; garraio publikoan bidaiatzeak dituen abantaila eta onurak balioan jarriz; erabiltzaileak garraio publikoa aukeratzera gonbidatuz; eta gipuzkoarrok garraio publikoa erabiltzean bizi dugun esperientziarekin konektatuz.

 

Zatoz berriz trenera. Igo berriz autobusera.

Pandemiaren eraginez, gure bizitzaren oinarrizko zimenduak nola aldatu diren ikusi dugu; eta pentsaezina zirudien errealitate berri baterantz eraman gaitu. Gure eguneroko errutinak galdu genituen, tartean, autobusaren zain geltokian ezagun eta ezezagunekin elkartzeko uneak, 30 minutuko tren bidaian liburua irakurtzeko momentuak, aspaldiko lagunak bisitatzeko ilusioz egiten diren bidaiak...

Baina bizitza joan-etorriez beteta dago. Eta, dagoeneko, joan zirenak itzultzen ari dira. Osasun larrialdi egoeraren amaierarekin batera, murrizketak desagertu dira; eta GGLAk momentu horiek berreskuratzera eta haiekin inoiz baino indar handiagoarekin gozatzera gonbidatu nahi ditu gipuzkoarrak: eramaten dituzten bitartean, liburu bat irakurri dezaten, deskonektatuta; erraz eta eroso bidaiatu dezaten, nora joan eta non aparkatu pentsatu behar izan gabe; elkartu daitezen, garraio publikoaren topaleku izaera berreskuratuz. Oro har, norberarentzat hain beharrezkoa den tartetxo hori berpiztea da jomuga.

 

Street Marketin Ekintza - Agertoki ibiltaria

Kanpainarekin, hainbat udalerrietako kale eta plazetan, garraio publikoan bidaiatzearen esperientzia bizi ahal izango da. Agertoki ibiltaria izango da, gipuzkoarrok aukeratzen dugun mugikortasun ereduaz pentsatzera eramango gaituena. Izan ere, kapsula baten bidez, ibilgailu publiko batean eta ibilgailu pribatu batean bidaiatzearen egoerak biziko dituzte, bataren eta bestearen arteko aldeak sentiaraziz.

Bederatzi larunbatetan, otsailaren 19an hasi eta apirilaren 26a bitartean, GGLAko kapsulak Gipuzkoan barrena bidaiatuko du, 9 udalerrietako plazak bisitatuz: Donostian hasiko da hilaren 19an, eta Arrasaten (otsailaren 26an), Hernanin (martxoaren 5ean), Errenterian (martxoaren 12an), Eibarren (martxoaren 19an), Zarautzen (martxoaren 26an), Irunen (apirilaren 2an), Tolosan (apirilaren 9an) eta Lasarte-Orian (apirilaren 16an) jarraituko du, hurrenez hurren.

Bertan bizitako esperientziak garraio publikoaren eta pribatuaren artean lehentasunak ezartzera eta egiten duten erabileraren inguruko gogoeta egitera eramango ditu herritarrak. Zeharka eta kanpaina honetan parte hartzen duten guztien eskutik, garraio publikoaren erabileraren abantailak ezagutu eta balioetsiko dira, erantzunen bidez.

 

TOP