GGLAk "Donostia 2030" zikloan parte hartuko du
Mugikortasun arloko eragile garrantzitsu gisa, Eluska Renedo-Illarregik, GGLAko zuzendari nagusiak, datorren hamarkadari begira Donostiaren egoera eta erronkak aztertuko dituen "Donostia 2030" ziklo eta hitzaldietan parte hartuko du. San Telmo Museoak eta Estrategia Bulegoak antolatutako jardunaldi horietan, hiriko eremu estrategiko nagusienak xehatuko dira, tartean, mugikortasunarena.
Hortaz, arlo horietan adituak diren pertsonek Donostiaren egungo egoera aztertuko dute, eta ikuspegi soziologiko, urbanistiko eta politikotik aurkezten diren erronkak planteatuko dituzte, etorkizunerako proiektatu nahi dugun hiri-ereduari buruz eztabaidatzeko: zein dira gure hiriak hurrengo hamarkadan izango dituen erronka nagusiak? Eta Donostia 2030en helburu estrategikoak? Zer zutabetan oinarrituko da etorkizuneko hiri-estrategia?
“Erakundeen eta gizarte zibilaren arteko indarrak batzea funtsezkoa izango da etorkizuneko hiria eraikitzeko.”
Saio guztiak San Telmo museoan izango dira, 18:00etan, eta doako sarrerarekin; aldez aurretik izena eman beharko da webgunean. Museoko youtube kanalaren bidez ere zuzenean ikusteko aukera izango da.