Gipuzkoako Garraioaren Lurralde Agintaritzak, Euskotrenek eta Bizkaiko Garraio Partzuergoak MUGI, BAT eta BARIK txartelen elkarreragingarritasuna zehaztu dute, alegia, Bilbo/Hendaia linea osoan erabili ahal izatea
Aiz: "Hitzarmenari esker, MUGIren erabiltzaile gipuzkoarrek Bizkaiko trenbide-linea osoa eta Bilboko Metroa ere erabili ahal izango dituzte eta BAT zein BARIK txartelen erabiltzaileek, berriz, Gipuzkoakoa"
Aurrerapausoa garraio-txartelen elkarreragingarritasuna lortzeko bidean
Gipuzkoako Garraioaren Lurralde Agintaritzaren Batzar Orokorrak oniritzia eman dio Gipuzkoako Garraioaren Lurralde Agintaritzak, Euskotrenek eta Bizkaiko Garraio Partzuergoak izenpetuko duten hitzarmenari. Horretan, Euskotrenen trenbidea erabiltzeko baldintzak adosten dira, MUGI, BAT eta BARIK txartelak ibilbide osoan elkarreragingarriak edo erabilgarriak izan daitezen.
"Joan-etorriak euskarri edo txartel bakar batekin egin ahal izatea erraztuko du hitzarmenak, eta aldi berean, Gipuzkoako Garraioren Lurralde Agintaritzaren Batzar Orokorrean adostu dira linea nagusiko tarifak", zehaztu du Antonio Aizek.
Txartel bakarra eta elkarreragingarritasuna lortzeko Eusko Jaurlaritzak, Foru Aldundiek eta udalek hartutako konpromisoaren isla da aipagai dugun hitzarmena, eta aukera emango die MUGI txartelaren erabiltzaileei Euskadiko administrazioaren mendean dauden garraio publiko guztiak txartel edo diru-euskarri bakar baten bitartez erabiltzeko.
“Euskotrenek emandako urratsa dela medio, eta laster Bilboko Metroan txartelaren elkarreragingarritasuna ezarrita, txartel bakarraren ezarpena % 50ekoa izango da erkidegoko garraio publikoan. Gipuzkoako Garraioaren Lurralde Agintaritza ere urratsak ematen ari da etorkizunean dBusen eta Lurraldebusen Mugi, Bat eta Barik txartelak elkarreragingarritasunean erabili daitezen", gaineratu du Antonio Aizek.