Gipuzkoako Garraioaren Lurralde Agintaritza E-MOBASK proiektuan parte hartzen ari da, mugaz gaindiko garraio publiko praktikoa eta iraunkorra sustatu asmoz

E MOBASK aurkezpenaEluska Renedo-Illarregui, Gipuzkoako Garraioaren Lurralde Agintaritzako zuzendaria, E-MOBASK proiektu europarraren partzuergoaren lehen bileran izan da. Bileran Dbuseko, Gipuzkoako Garraioaren Lurralde Agintaritzako (GGLA) eta Euskal Kosta-Aturriko Mugikortasun Sindikatuko (SMPBA) ordezkariak elkartu dira. Guztien xedea izan da Euskal Eurohirian garraio publikoaren erabilera sustatzea eta erraztea.

Proiektua POCTEFA 2014-2020 programaren baitan kokatzen da, eta Europako lurralde lankidetzarako INTERREG tresnaren zati bat da. 3 urteko iraupena du eta 1.182.358 €-ko diru laguntza jasoko du Donostia-Irun-Baiona korridorean eragiteko. Era berean, Eskualde Garapenerako Europako Funtsaren (FEDER) kofinantzazioa jasoko du.

E-MOBASKen helburua mugaz gaindiko eremuan garraio publikoa hobetzea da, errazagoa, erakargarriagoa eta iraunkorragoa izan dadin. Garraio publikoaren erabilera sustatu nahi du, ibilgailu pribatuarena gutxituz. Lehen bilera honetan partzuergoaren kideek proiektuaren ildoak marraztu dituzte, hiru ardatz nagusiren inguruan: informazioa hobetzea; ticketing integratua eta ordainketa modu berriak eskaintzea; eta azkenekoz, elektromugikortasuna eta garraio publikoaren efizientzia energetikoa sustatzea.

Eluska Renedo-Illarreguik proiektuaren garrantzia azpimarratu du, eta GGLAren parte hartzea ezinbestekotzat jo du. “GGLAk garraio publikoa hobetzea eta erraztea helburu duen edozein egitasmo babestu behar du, eta hau horietako bat da. Kasu honetan gainera, Donostia eta Baiona arteko mugaz gaindiko joan-etorriak sustatzen dira ingurumen irizpideak errespetatuz”.

new logo poctefa20142020