Lurraldebus
Lurraldebus da Gipuzkoako Foru Aldundiaren mendeko hiriarteko garraio publikoaren irudi bateratua.
Lineetan zerbitzua ematen duten garraio enpresak hauek dira: Ekialdebus, Euskotren, Billman Bus, La Guipuzcoana, Pesa, Tolosaldea Bus eta TBH Buruntzaldea.
Gipuzkoako Foru Aldundiak, 2005. urtean Lurraldebus eratu zenetik, baliabide ugari erabili eta denbora luzea inbertitu ditu garraio sistema adimendunak ezartzen, bere eskumeneko emakida guztietan. Azpimarratzekoa da monetika sistemaren ezarpena, hau da, txartelak eman eta indargabetzeko makinak, eta programa informatikoak, ahalbidetu zutenak, besteak beste, Txartel Bakarra abian jartzea.
Era berean, autobusetan GPSa jartzearekin, lortu da une oro lokalizatuak edukitzea, eta, aldi berean, erabiltzaileei informazioa eskaintzea, geralekuetan eta denbora errealean, zerbitzuan gerta daitekeen edozein gorabeherari buruz edo autobusa iritsi arte itxaron beharreko denborari buruz. Horretarako, informazio panelak jarri dira hiritarrek gehien erabiltzen dituzten geralekuetan.
Aldi berean, Aldundia beste bitartekari batzuekin lankidetzan aritu da, bidaiarien Gipuzkoako bidaiarien garraio zerbitzuaren sistema indartzeko, eta garraio kolektiboko zerbitzuak eta bere azpiegiturak koordinatzeko Lurralde Historikoan; lankidetza horretatik sortu zen Gipuzkoako Garraioaren Lurralde Agintaritza SA, gero Gipuzkoako Garraioaren Lurralde Agintaritza kontsortzioa bihurtu zena (aurrerantzean GGLA).
Diputatuen Kontseiluaren 2012ko abenduaren 28ko Erabakiaren bidez, lankidetza hitzarmena onartu zen, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta GGLAren artekoa, Gipuzkoako Lurralde Historikoko garraio publiko kolektiboko tarifak bateratzeko sistema ezartzekoa.
Horren harira, GGLAri eskualdatu zitzaizkion ordura arte Lurraldebusek Txartel Bakarraren inguruan garatutako jarduerekin zerikusia duten aktiboak, eskubideak eta obligazioak, elementu horietan oinarrituta ezar zedin tarifak bateratzeko sistema.
Aldundiak onartu zuen tarifak bateratzeko sistema edo MUGI sistema ezartzea bere eskumeneko bidaiarien garraio publiko erregularreko zerbitzu guztietan, GGLArekin adostuta. Ondorioz, 2013ko martxoaren 4tik aurrera, MUGI sistema aplikatzen da, eta bidaiak MUGI txartelekin ordaintzen dira.