Gipuzkoako Garraioaren Lurralde Agintaritzak eta Hernialdeko Udalak akordioa lortu dute udaletxean MUGI txartelak izapidetu ahal izateko

 

Hernialde, 2026ko urriaren 15a.-Hernialdeko Udalak MUGI txartelarekin lotutako zerbitzu berriak eskainiko ditu hilaren 19tik, astelehenetik, aurrera. Hala, erabiltzaileek txartelak eskatu eta kargatu ahal izango dituzte beste udalerri batzuetara joan beharrik gabe. Zerbitzu berri horrekin, Gipuzkoako Garraioaren Lurralde Agintaritzak (GGLA) sustatutako Gipuzkoako garraio publikoaren sistemako arreta-guneen sarean sartuko da Hernialde.

GGLAko presidente Azahara Domínguezek iragarri du zerbitzua martxan jarriko dutela. Ekimenaren helburua herritarrei izapideak erraztea eta MUGI sistemarako sarbidea hobetzea da, bereziki udalerri txikietan.

Arreta-zerbitzu hori eskaintzeko, GGLAk prestakuntza espezifikoa eman die udaletxeko langileei. Bi erakundeek elkarlanean jardun dute gune berria abian jartzeko beharrezko prestaketetan, erabiltzaileek izapideak behar bezala egin ahal izango dituztela bermatzeko.

Azahara Domínguezek azpimarratu duenez, “garraio publikoko zerbitzuak Gipuzkoako udalerri guztietara hurbiltzea lehentasuna da”, eta Hernialdeko Udalari eskerrak eman dizkio “garraio publiko bidezko mugikortasuna sustatzen laguntzeko erakutsitako inplikazioagatik eta borondateagatik”.

GGLAko presidentearen hitzetan, “zerbitzu hauek udalerrian bertan eskaintzeak izapideak errazten ditu, eta MUGI txartela eskatzeko eta kudeatzeko prozesua erosoagoa eta eskuragarriagoa egiten du herritarrentzat”.

Gune berriaren irekiera GGLAk sustatutako MUGI arreta-sarea zabaltzeko prozesuaren barruan kokatzen da, zerbitzuak lurralde osora hedatzeko helburuarekin. Duela hilabete batzuk, erakundea Gipuzkoako udalekin harremanetan jarri zen ekimenarekin bat egiteko aukera eskaintzeko, eta udalerriak pixkanaka ari dira erantzuten.

“Joan den udaberritik, erabiltzaileek MUGI txartelak eskatu eta kargatu ditzakete Ataun, Albiztur, Beizama eta Urretxuko udaletxeetan, baita Gipuzkoan banatutako hogei bat bulego eta turismo-informazioko gunetan ere. Zerbitzu horiek lurraldeko beste hamabost bat udalek eskaintzen dituztenei gehitzen zaizkie”, gogorarazi du GGLAko presidenteak.

GGLAk aurrez aurreko arreta zabaltzeko lanean jarraitzen du, erabiltzaileek izapideak errazago egin ahal izan ditzaten, bereziki txartel berriak eskatzekoak, bizilekutik urrundu beharrik gabe eta modu arinean.