Gipuzkoako Garraioaren Lurralde Agintaritzak eta Ormaiztegiko Udalak akordioa lortu dute Zumalakarregi Museoan MUGI txartelak tramitatu ahal izateko

Ormaiztegi, 2026ko urriaren 8a.- “Ormaiztegiko MUGI txartelaren erabiltzaileek Gipuzkoako garraio publikoaren sistemarekin lotutako hainbat izapide egin ahal izango dituzte udalerritik atera beharrik gabe. Zumalakarregi Museoa MUGI arreta-puntuen sarera batu da, eta txartel berriak eskatzeko eta birkargak egiteko aukera emango du, beste herri batzuetara joan beharrik gabe”.

Hala azaldu du Gipuzkoako Garraioaren Lurralde Agintaritzako (GGLA) presidente Azahara Domínguezek. Adierazi duenez, zerbitzu berria hilaren 13an, asteartean, hasiko da eskaintzen. “Arreta egokia bermatzeko, museoko langileek prestakuntza espezifikoa jaso dute GGLAren eskutik. Era berean, GGLAk Ormaiztegiko Udalarekin elkarlanean jardun du puntu hau martxan jartzea ahalbidetzeko”, zehaztu du.

Azahara Domínguezek gogorarazi duenez, “udaberriaz geroztik, MUGI txartelak eskatu eta birkargatu daitezke Ataun, Albiztur, Beizama eta Urretxuko udaletxeetan, baita Gipuzkoan zehar banatutako hogei bat bulego eta baliabide turistikotan ere. Gainera, aurten sarean sartutako puntu horiek beste hamabost bat udalekin bat egiten dute; izan ere, udal horietan ere izapide horiek egin daitezke”.

Bestalde, Ormaiztegiko alkate Jon Enrique Galarzak “herritarrentzako zerbitzuak hobetzea beti dela eskertzekoa” baloratu du. “Ormaiztegiko bizilagunok Mugi txartela herritik mugitu gabe atera ahal izatea garrantzitsua da guretzat. Bakoitzak gure eskumen eta ahalbideetatik erakunde desberdinak lanean dihardugu kalitatezko garraio publikoa eskaini eta azpiegiturak hobetzeko eta zeregin honetan mi ekimen honek gauzak errazten dizkigu herritarroi”, esan du.