Zumaiako txalupan MUGI txartelarekin ordaindu ahal izango da datorren astelehenetik, abuztuak 17, aurrera

Zumaiako txalupa MUGI txartelarekin ordaindu ahal izango da datorren gaurtik, abuztuaren 17, aurrera. Hala iragarri du Gipuzkoako Garraioaren Lurralde Agintaritzako (ATTG) presidente eta Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako diputatu Azahara Domínguezek. Gogorarazi duenez, GLGAren Batzarrak udaberri honetan onartu zuen ontzi hori MUGI sisteman integratzea.

Horrela, astelehenetik aurrera ontzi hau (bi ibilbide egiten dituena: Txomin Agirre - Kirol portuko aparkalekua eta Txomin Agirre - Santiago) erabiltzen duten MUGI txartelaren erabiltzaileek tarifa-sistema integratu honek eskaintzen dituen abantaila guztiak baliatu ahal izango dituzte. Horien artean daude garraio publikoko dozena bat operadore baino gehiagotan doako transbordoak, erabileraren araberako hobariak eta 15 urtetik beherakoen nahiz aitortutako mendekotasuna duten pertsonen laguntzaileen doakotasuna, besteak beste.

“Herritarrek erraztasun handiagoz mugitu ahal izatea nahi dugu, garraiobide desberdinak tarifa-sistema beraren bidez erabiliz eta kostua oztopo izan gabe. Zumaiako motora MUGI sisteman integratzea mugikortasun errazago, erosoago eta bidezkoago baterantz aurrera egitea da erabiltzaile guztientzat; izan ere, ontzi hori erabiltzea merkeagoa izango da pertsona askorentzat, eta, aldi berean, hain jendetsua den eremu horretatik ibilgailuak kentzen lagunduko du, adierazi du.

GLGAko presidentearen esanetan, operadore berriak MUGI sisteman integratzeak “mugikortasun-eredu jasangarriago eta kohesionatuagoa sendotzen laguntzen du”. “MUGIra gehitzen den operadore bakoitzak Gipuzkoako garraio publikoaren sarea indartzen du, ibilgailu pribatuaren benetako alternatibak eskaintzen ditu eta pertsona guztientzako aukera-berdintasuna sustatzen du. Gure helburua da gero eta konektatuagoa, eraginkorragoa eta herritarren benetako beharretara egokituagoa izango den sistema bat eraikitzen jarraitzea”, gaineratu du.

Bestalde, Iñaki Ostolaza, Zumaiako Alkatearen esanetan, neurri honi esker, aurrerantzean, herritarrek txalupen ordainketa errazago izango dute, eta era berean, MUGI sistemaren deskontuak baliatuz, bidaia merkeago aterako zaie.

Tarifei dagokienez, Zumaiako motora Gipuzkoako Garraioaren Lurralde Agintaritzaren (GGLA) Hiriko 3 tarifa-taldean sartuko da, eta, beraz, erabiltzaileek MUGI txartela erabili ahal izango dute eta sistemaren abantaila guztiak baliatu ahal izango dituzte. Horrela, noizbehinkako txartelak 1,45 euroko prezioa izango du; MUGI anonimoarekin, 0,58 euroko kostua izango du bidaiak; eta MUGI pertsonalizatuarekin, 0,44 eurokoa hileko lehen 20 bidaietan, 0,36 eurokoa 21. eta 50. bidaietan eta 0,09 eurokoa 51. bidaiatik aurrera. Gainera, MUGIn integratzeak aukera emango du gainerako zerbitzu integratuekin doako transbordoak egiteko, joan-etorri erosoagoak, ekonomikoagoak eta iraunkorragoak erraztuz.

MUGI txartelak eskuratzea eta kargatzea

Halaber, Azahara Domínguezek jakinarazi du data beretik aurrera MUGI txartel anonimoak erosi ahal izango direla, eta edozein MUGI txartel mota kargatu ahal izango dela Begi Bistan enpresak inauguratu berri dituen instalazioetan. Enpresa horrek urte osoan zehar itsasoari lotutako turismo jasangarriko jarduerak sustatzen ditu, bereziki Euskal Kostaldeko Geoparkea ezagutaraztera bideratutakoak, eta ekainaren amaieran lokal berri bat ireki du Moilaberriko turismo-bulego berritik oso gertu. Turismo-bulego horretan ere MUGI txartelarekin lotutako izapide berak egin daitezke.

“MUGI erabiltzaileak dauden tokietara eramaten ari gara, sistemarako sarbidea ahalik eta gehien erraztuz. Azken hilabeteotan, lurralde osoko 18 turismo-puntu berri gehitu ditugu txartelak eskuratzeko eta kargatzeko gune gisa; horrez gain, zerbitzu hori Ataungo, Beizamako eta Albizturko udaletxeetan ere jarri dugu martxan. Orain, Zumaiako Begi Bistanen instalazio berriak sare horretara gehitzearekin, hura indartzen jarraitzen dugu, sinetsita baikaude MUGIra sartzea zenbat eta errazagoa izan, orduan eta pertsona gehiagok baliatu ahal izango dituztela haren abantailak eta mugikortasun-eredu jasangarriago baten alde egingo dutela”, adierazi du.