Zuk Zeuk Lehiaketa: Garapen Iraunkorreko 4 Helburu, 500 gazte eta 7 euskal eragile erreferente!

Zuk Zeuk 4

Ba al dakizu Zuk Zeuk Lehiaketa zer den? Feel My Way Kooperatibak eta Euskadiko 7 eragile erreferentek, tartean Gipuzkoako Garraioaren Lurralde Agintaritzak, elkarlanean antolatzen dugun ekimena da!

Aurtengoa 4.edizioa da; eta Andoain, Beasain, Bermeo, Bilbo, Donostia, Elgoibar, Gernika-Lumo, Sopuerta, Santurtzi eta Zumarragako ikastetxeetako 14 - 17 urteko 500 gazte animatu dira. Kontzientzia garatzea inoiz baino beharrezkoagoa bihurtzen ari den garai honetan, lehiaketaren bidez, Garapen Iraunkorreko hainbat Helburu lantzen ari dira gazteak.

Hori horrela, mugikortasun iraunkorrerantz pausuak emateko, garraio publikoaren garrantziaz ohartzeko, datu harrigarriak ezagutzeko eta ekarpen berritzaileak egiteko beta izango dute nerabeek, antolatutako jarduera eta ekintzetan.

Momentu honetan, bitxikeriazko, akziozko eta inspirazioko ekintzak burutzen dabiltza. Hori guztia aurrera eramateko, plataforma bat dute lagungarri; eta ekintzak haien egunerokotasuneko inguruetan egiten ari dira: familian, koadrilan eta herrian edo hirian. Inspirazio ekintzetan, gainera, lan-saioak egiteari esker, gazteekin egoteko aukera izan dugu; eta argi ikusten da ekarpenak egiteko gogotsu daudela!

Azkenik, lehiaketari itxiera emateko ospakizuna egingo dugu. Egoera dela eta, gazte guztiak batera elkartu beharrean, ikastetxe bakoitzean egingo da. Dena dela, honek ez du esan nahi ospakizun kutsua galduko duenik, noski! Escape street formatuko ekintza bat egingo da; eta ziur primeran pasatuko dugula, lehiaketari behar bezalako itxiera guztion artean emanez.