Tarifetan berrikuntzak onartu ditu GGLAk

2021. urteko lehen Batzar Orokorra egin du Gipuzkoako Garraioaren Lurralde Agintaritzak (GGLAk) eta bertan, ohiko jarduerari jarraituz, urteko tarifa berriak onartu dira. Aurtengoan, biztanleriak bizi duen egoera kontuan hartuta, eta erakunde publikoek egoerari aurre egiteko hartutako neurriekin bat, tarifak izoztea erabaki du GGLAk aho batez.

Herri ordezkari eta agintari guztiek bat egin dute eta erakunde denek nabarmendu dute diru-sarreretan gutxitzeak jasaten ari diren herritarren mugikortasuna bermatu behar dutela.

Doako-ontzi aldaketak

Bere horretan tarifetan aldaketarik egongo ez den arren, sistemarekin, mugikortasunarekin eta norberaren poltsikoarekin eragin zuzena duen aldaketa nabarmena onartu du GGLAk gaurkoan. Apiriletik aurrera, garraio operadoreen arteko ontzi-aldaketa guztiak doakoak izango dira, eta soilik bidaia luzeena ordainduko da.

Orain arte, garraiobide ezberdinen arteko ontzi-aldaketetan, bidaia garestienaren % 100 ordaintzeaz gain bidaia merkeenaren % 25 ere ordaintzen zen; beraz, aldaketa horrek garrantzia izugarria du lurraldea orekatzeko eta mugikortasuna sustatzeko bidean.

Hori horrela, azken urteetako datuak aztertuz gero, urte guztian zehar, 2’5 milioi bidaia ingururi eragingo die aldaketa horrek; eta, beraz, garraio publikoa asko eta elkarreraginean erabiltzen duten herritarrek diru asko aurrezteko aukera izango dute.

Gaineratu behar da, datuek hala frogatzen dutelako, aldaketa honek herrietan bizi diren gipuzkoarrei egiten diela mesede, batez ere; izan ere, eurek dira garraio aldaketa gehienak burutzen dituztenak. Hortaz, adierazi daiteke lurralde osoaren batasuna eta mugikortasunaren kontzeptua indartuta irteten direla erabaki honetatik.

Bestelakoak

Aurrez aipatutako gaiez gain, bestelako gaiak ere landu dira Batzar Orokorrean. Horien artean, Gipuzkoako Garraioaren Lurralde Agintaritza osatzen duten erakunde guztien arteko Hitzarmena berritzeko ereduaren proposamena onartu da, Gipuzkoako Tarifen Bateratzearen Hitzarmen berria, alegia.

Erabaki horrek argi erakusten du MUGI sistemak ondo funtzionatzen duela, eta erreferente bilakatu dela guztion, bai herritarren eta bai agintarien laguntza eta lanarekin. Ekitatea, iraunkortasuna eta kohesio soziala bermatzeko aukera eskaintzen du hitzarmen berri horrek.

Bestetik, lehendakaritza aldaketa gauzatu dute, eta hori horrela, Rafaela Romero Pozo, Gipuzkoako Mugikortasuneko eta Lurralde Antolaketako Diputatua izango da otsailaren 14tik aurrera GGLAko lehendakaria datozen bi urteetan.