Mugikortasunaren Europako astea

Aurtengo mugikortasun astea bestelakoa izango da; egoerak baldintzatuta, ezinezkoa izango da aurreko urteetan burutu diren ekimenak gauzatzea. Hala ere, Gipuzkoako Garraioaren Lurralde Agintaritzaren helburuek tinko diraute, eta horretarako lanean dihardugu, geratu barik.

Garraio publikoak berdintasun handiagoa, ekologia gehiago eta gizarte-kohesio handiagoa dakar, eta beharrezkoa da guztientzako ongizate-maila handiagoak eskainiko dituen gizarte bat lortzeko egiten duen ekarpen horren balioa agerian jartzea.

Horrela, bada, egunotan, ibilgailu pribatua etxean uztera gonbidatzen zaituztegu, bestelako aukerak frogatuz edota erabiliz, hala nola garraio publikoa eta bizikleta. Gogoan izan garraio publikoa guztiona den garraioa dela: abantaila gehiago eskaintzen dizkigu ekonomikoki, herritarren ekarpenak jasotzeko prest dago… eta nola ez, ingurugiroari arnasa ematen dio!

 

Bizikleten doako azterketa

Mugikortasun astearen baitan ekimen berri bat jarri da abian: denda laguntzailetan, MUGI txartela erakutsiz, zure bizikletaren doako azterketa egiteko aukera izango duzu egunotan. Hortaz, zure bizikleta punta-puntan jartzeko aukera izango duzu.

Gainera, parte hartzen duzuon guztion artean 100 euroko 14 bonu zozketatuko dira. Parte hartu ezazu!

 

 

MUGI sistema, gipuzkoarrekin bat