MUGIpuzkoa ekimenaren baitan 530 MUGI txartel berri egin dira

IMG 20190920 124111 webEuropako Mugikortasun Astearen harira, Gipuzkoako Garraioaren Lurralde Agintaritzaren (GGLA) Arreta Zerbitzua kalera atera da eta Gipuzkoako bost udalerri bisitatu ditu. Hain zuzen, Arrasaten, Irunen, Azkoitian, Zumaian eta Arrasaten izan da MUGI sistema herritarrengana gerturatzeko helburuarekin, eta bide batez, garraio publiko jasangarria eta MUGI txartela sustatzeko.

GGLAtik adierazi dutenez, ekimena arrakastatsua izan da. Ez bakarrik egin diren MUGI txartel berriengatik –bost udalerrietan 530 txartel berri tramitatu dira–, herritarren kezkak, zalantzak eta iradokizunak entzun eta erantzuteko aukera eman duelako. Eta ez dira gutxi izan MUGIpuzkoatik pasa diren herritarrak, milatik gora antolatzaileek emandako datuen arabera.

Herrietara egin diren bisitetan, gainera, MUGI txartela erabiltzen duten pertsonen iritziak jaso dira inkesta bidez. Guztira, 250 inkesta inguru bete dira, eta besteak beste, garraio publikoaren eta MUGI sistemaren inguruko informazioa jasotzeko baliagarria izan da.

Irunera, bi eguneko bisita
MUGIpuzkoak bisitatu dituen udalerrien artean, Irungo bisita berezia izan da. Gainontzekoak ez bezala, bi egunekoa izan da eta, MUGI txartelak egiteko aukera eskaintzeaz gain, gunea bisitatu duten herritarrek bizikleten errebisio teknikoa egiteko aukera izan dute, baita osasun azterketak egiteko parada ere. Guztira, bi egunetan 500 lagun pasa dira gunetik.

GGLAtik adierazi dutenez, “MUGIpuzkoa bezalako ekimenak beharrezkoak dira herritarrak kontzientziatu eta garraio publiko jasangarria balioan jartzeko. Iaz jarri genuen martxan, eta arrakastatsua izaten ari dela kontuan hartuta, gure nahia da udalerri gehiago bisitatzen joatea”.