Donostiako Unibertsitate Ospitaleak eta Aspanogik, Gipuzkoako Haur Minbizidunen Guraso Elkarteak, ikusmira sortuko duen ekimen bitxia antolatu dute Haur-minbiziaren Nazioarteko Egunaren harira. Horrela, otsailaren 15ean gaixotasun hori pairatzen duten haurrek KaTyren bisita jasoko dute, Star Wars sagako R2-D2 robotaren kolore arrosako bertsioa. Gipuzkoako Garraioaren Lurralde Agintaritzak atxikimendua adierazi du, Agintaritzak sustatzen dituen jasangarritasuna, bizitza-kalitatea edota elkarbizitza bezalako baloreekin bat egiten duelako.
Bisita berezia izango dute datorren ostegunean, Haur-minbiziaren Nazioarteko Egunean, Donostiako Ospitalean gaixotasun hori pairatzen duten neska-mutilek. Egun horretan, Star Wars sagako zenbait pertsonaiaren bisita jasoko dute, KaTy robota buru dela. Ez da bakarrik joango ordea, Nazioarteko 501 Legioko laguntzaileak aldamenean izango baititu. Errenteriako Iztieta plazatik aterako den Lurraldebuseko autobus batean igoko dira ospitalera, MUGI txartela eskuan dutela.
Ostegunekoa ez da izango robotak ospitalera egiten duen lehenengo bisita, KaTy aurrez ere egona baita Pediatria Unitatean. Osteguneko bisitaren xedea, aurrekoak bezala, Ospitalean dauden haurrei bizipoza ematea da, eta bide batez, gaixorik dauden neska-mutilen bizi kalitatea hobetzea.
KaTy Star Wars sagako R2-D2 droidearen kolore arrosako bertsio egokitua da. Munduan R2-D2 bi erreplika baino ez daude, eta horietako bat Donostian dago, Lucasfilmen baimenarekin egina. George Lucasek sortu zuen sagako jarraitzaile sutsuak diren ThePinkForce komunitateak sortua da, R2 Klubeko kideekin batera.
Ekimena #ThePinkForce kanpainaren baitan kokatzen da, haur minbizi gutxiagoko mundua lortzeko abiatu zena.