GGLA Londresen izango da, urtero ospatzen den garraio azokan

ticketing eusEluska Renedo-Illarregui, Gipuzkoako Garraio Lurralde Agintaritzako zuzendaria, Transport Ticketing Global izeneko Jardunaldian izango da aste honetan ponentzia bat ematen. Londresen ospatzen den azoka garraio publikoko komunitatea osatzen duten profesionalentzako zita garrantzitsuenetariko bat da.

Garraio publikoa etengabeko eraldaketa prozesuan murgilduta dago; teknologia berrien erabilerak eta garraio sare interoperagarrietan txertatutako aldaketek eragina izan dute erabiltzaile eta oporadoreetan, mugimendua arinduz, erraztuz eta eraginkorrago bihurtuz. Hortaz, ¿nola arindu dezakegu aldaketa hori eta zer egin dezakegu berrikuntza horiek aprobetxatzeko?

Transport Ticketing Global 2018 jardunaldian elkartuko diren sektoreko profesionalak galdera horiek erantzuten ahaleginduko dira, horixe da hain zuzen Clarion Events Ltd. elkarteak urtarrilaren 23an eta 24an Londresen antolatu duen jardunaldiaren xede nagusia. Horretarako, kontinente guztietako adituak gonbidatu dituzte; sektoreko 70 enpresatik gora ordezkatuko dituzten 800 partehartzailetik gora izango dira jardunaldian. Bi egunetan, garraioaren ikuspegi globala ezartzeko agenda zirriborratzen ahaleginduko dira.

Gipuzkoa eredu
Clarion Events Ltd. Elkarteak Eluska Renedo-Illarregui gonbidatu du, hizlari gisa. Gipuzkoako Garraio Lurralde Agintaritzako zuzendariak Nola erakarri bidaiariak etorkizuneko garraio sistema kolektibo, jasangarri eta publikora? izeneko hitzaldia eskainiko du urtarrilaren 24an.

Hogei minututan, Gipuzkoako Garraio Lurralde Agintaritzak bere garraio sarera bidaiariak erakartzeko eta zerbitzua hobetzeko aintzat hartu dituen gakoak ematen ahaleginduko da. Sei ardatz estrategiko hauetan laburbildu daitezke: ordainketa sistema eta prezio-ezartze integratua; erabiltzaileari egokitutako komunikazioa eta informazioa; garapen jasangarria sustatzeko ikuspegi sozialaren, ekonomikoaren eta ingurumen aspektuen erabateko integrazioa; bizi baldintza hobetzeko faktore bezala irisgarritasun unibertsalaren eta berdintasunaren sustapena; garraioaren planifikazio integratua; eta Euskal Autonomia Erkidegoko zein Europako garraio mota ezberdinen arteko interoperagarritasuna eta Europako garraio sisteman txertatzea.

Transport Tickteting Global jardunaldian gipuzkoarron partehartzea ez da Eluska Renedo-Illarreguiren ponentziara mugatuko. Izan ere, DBus konpainia Bidaia-txartel adimentsuak saltzeko programa kategoriako izendatuen artean baitago beste zazpi konpainiekin batera.

Aurtengoa ez da Gipuzkoako egitasmo bat sariren bat jasotzeko hautagaien artean izendatuta dagoen lehenengo aldia. Besteak beste, Dbusen MUGI Txartela eta GGLAren prezio-ezartze integratua, biak ala biak Smart Ticketing kategorian; GGLAren MUGIKLUB Kanal Anitzeko Komunikazioa, Digital Champion kategorian; eta Dbusen MUGI-BAT-BARIK Interoperagarritasuna eta EMV ordainketa, Best Smart Ticketing Program kategorian izendatuak izan dira aurreko edizioetan.