
Dbus bere autobusetako bidaiarien hasiera eta amaiera puntuak ezagutzeko programa berritzaile bat garatzen ari da.
Orain arte, tarifa lauak dituzten hiriko autobusetan bidaiarien abiapuntuaren inguruko informazioa soilik lortu zitekeen, baina Tecnosisek diseinatutako programa berriarekin, autobusetako ticketing datuetatik abiatuta Donostiako erabiltzaileek leku batetik bestera mugitzeko dituzten ohiturak ezagutu daitezke, matematikako algoritmo berritzaile bat erabiliz. Hau da, erabiltzaileek egin ohi dituzten bidaien erregistroa hartuz jakin daiteke zein geltokitan igotzen eta jaisten diren erabiltzaile horiek, haien jatorri-helmuga matrizea, alegia.
Azken urteetan, Dbusek beste sistema batzuk erabili ditu erabiltzaileen bidaien jatorria eta helmuga ezagutzeko; esaterako, inkestak, bidaiarien igoera datuak linearen eta ordu tartearen arabera, edo jarritako sentsoreen bitartez, behaketa bidez edo igoera datuekiko simetriaren bidez lortutako jaitsiera datuak. Programa berriaren kasuan, fidagarritasuna %97-98koa da eta aurreko sistemekin bateragarria da.